Bost kontzertu eskainiko ditu 'Egin leku' zikloak, urritik ekainera Oihanederren

Erredakzioa 2021ko urr. 4a, 18:30

Leire Etxezarreta arrasatearrak eskainiko du zikloko lehen kontzertua. / OIHANEDER

Leire Etxezarreta, Alaitz Artola, Arthur, Dei eta Ekiñe izan dira Oihaneder Euskararen Etxearen Egin leku! deialdian aukeratutako proposamen musikalak. Urriaren 7tik aurrera, bi hilabeteko maiztasunaz eskainiko dira kontzertuak.

Egin leku! hasiberrientzako musika deialdiaren bigarren edizioaren barruan, bost kontzertu eskainiko ditu Oihanederrek urritik ekainera bitartean. Lehenengo saioa Leire Etxezarreta eskainiko du urriaren 7an, ostegun honetan, 19:30ean Oihanederren.

24 urteko arrasatearra ume bat zenean murgildu zen trikitixa eta panderoaren munduan. Orduz geroztik, modu batean ala bestean, musikari lotuta egon da, besteak beste, Kepa Junkera eta Sorginak proiektuan, 2015etik eta lau urtez. Gaur egun, trikitixa eta pandero irakasle lanetan aritzeaz gain, Neomak eta Sarrabete taldeetako partaide da. Gainera, urte batzuetatik hona, gitarra hartu eta bere kantu propioak sortzen hasi zen, eta sorkuntza horren lagin bat eskainiko du Oihanederren, formatu akustikoan.

Bost kontzertu

Ondoren, bi hilean behin abenduan, otsailean, apirilean eta ekainean, kontzertu bana eskainiko dute Alaitz Artolak, Arthurrek, Deik eta Ekiñek.

Euskal Herri osotik deialdira aurkeztutako hamabi proposamenen artean, bost proposamen horiek hautatu dituzte Jon Basaguren, Miren Narbaiza MICE eta Mikel Urdangarin musikari eta epaimahaikideek. Irabazle bakoitzak, bere musika proposamena zuzenean aurkezteko aukeraz gain, 200 euroko saria jaso eta Musikari elkarteko bazkide izateko aukera izango du. Ekainean, gainera, publikoaren saria emango dute ikus-entzuleek.

Gonbidapenak eskuratzeko hiru aukera eskainiko ditu Oihanederrek, eta lagun bakoitzak bi gonbidapen baino ezin izango ditu eskuratu: Bibe plataforman, 10:00etatik 12:00etara telefonoz eskatuta (615 986 832 zenbakian) edo oihaneder@oihaneder.eus helbidera idatzita; emailez eskuratzeko aukera emanaldi bakoitzaren eguneko 14:00etan itxiko da, eta ezinbestekoa izango da baieztapen mezua jasotzea.

 

Alaitz Artola

Alaitz Artola 20 urteko musikari amezketarra da. Zortzi urte zituela hasi zen pianoa jotzen, eta berehala Donostiako Francisco Escudero Kontserbatoriora egin zuen salto. Bertan hamar urteko piano-ikasketak gauzatu ondoren, gaur egun, Musikenen, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian piano-interpretazio ikasketak egiten ari da. Pianoaz gain, txikitatik gitarra eta ahotsa izan ditu bidelagun. Azken urteetan kontzertu akustikoak emanez aritu da, eta pixkanaka bere abesti propioen sorkuntzan murgildu da.

Arthur

Arthur, gaur egun Manu deitzen da, nahiz eta Aygiun eta Imanol ere deitu izan den iraganean. Bi urte zituela Varnatik (Bulgaria) Gasteizera ekarri zutela kontatzen du. Hiri, mundu eta kultura berri batera ekarri zutenean, erreza ez zela izango jakin zuela eta beldurra sentitu zuela kontatu digu. Musikaren bitartez bere barruko sentimenduak adierazten eta bizi izan duen hori "era poetiko" batean kontatzen saiatzen dela dio. Musikari bezala bere oinarri propioak sortzen ditu. Dancehall bere genero gogokoenetakoa izaten ari da azken boladan, baina abesti berean mota guztietako genero musikalak nahastea maite du.

DEI

Aitzol Urkiza eta Iñigo Bravo mutrikuarrak betidanik ezagutzen dute elkar, eta Karenka izeneko taldeak batu zituen entsegu lokaletan. Hamar urteren ostean, gitarra akustiko eta pianoak lagunduta, pop-rock kutsuko abestiek osatzen duten DEI proiektu berria jarri dute martxan 2021ean.

Ekiñe

Ekiñek betidanik izan du musika bere bizitzan; panderoa ikasten hasi zen, ondoren trikitixa, eta azkenik, gitarra. Trikitixa Eskolak oholtza gainean egotera ahalbideratu dio txikitatik, eta oholtzari gustu berezia hartu zion maketa txiki bat argitaratu zuen arte. Besterik ez izeneko maketa. Bertan bere zalantzak, beldurrak eta itzalak azaleratzen ditu, bere barnean dituen mamuak kanporatzen ditu, eta baita bere burua den bezalakoa onartzen lagundu ere. Kontzertuetan bere ahotsa eta gitarra akustikoa entzun daitezkeen arren, hainbat musikarik baxuarekin, pianoarekin, gitarra elektrikoarekin, kajoiarekin eta pianoarekin bere ahotsaren eta gitarraren soinua gorpuzten lagundu diote.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago