Emakumea eta jarduera politikoa, Afrikaldiaren protagonistak

Erredakzioa 2021ko urr. 4a, 15:56
Ekwa Msangi zuzendariaren 'Farewel Amor' pelikulak zabalduko du jaialdia. IMDB

Zinema jaialdi berriaren proiekzioak urriaren 4a eta 8a bitartean egingo dituzte, Vital Fundazioaren Dendaraba aretoan, Florida zineman, Zabalganeko gizarte etxean eta Salburuko gizarte etxean.

Afrikaldia afrikar zinemaren euskal jaialdiaren lehen edizioa aste honetan egingo da, Gasteizen. Guztira, hamahiru pelikula egongo dira Sail Ofizialean lehian, eta bi sari izango ditu: epaimahaiarena eta publikoarena. Beatriz Leal Riesco programazioaren zuzendariak azaldu duenez, kritikaren oniritzia eta nazioarteko zinema jaialdietan nabarmenduak izan diren afrikar film garaikideak proiektatuko dira. "Hiru estreinaldi daude eta Euskadin inoiz aurkeztu ez diren tituluak dira gehienak. Afrikari buruzko Espainiako jaialdien abangoardian kokatzen da Afrikaldia, eta mota horretako zinemaren estatuko bigarren lehiaketa da".

Manuel Iradier elkarte afrikanistak eta Bendera kultura elkarteak antolatu dute jaialdia. Emakumea eta jarduera politikoa dira jaialdiaren lehenengo edizio honetarako aukeratu dituzten gaiak. "Industria zinematografikoaren buru gehienak gizonezkoak dira; horregatik, Afrikaldiak gune berri bat eskaini nahi die emakumeei, zinemaren bidez beren ikuspegiak, mezuak eta istorioak zabaldu ditzaten". Kenya, Nigeria eta Sudan bezalako ekoizpen zinematografikoak ezagutzeko aukera emango du jaialdiak, "bereziki aktiboak diren nazioak"; halaber, Boli Kostako ezohiko kartzela batean oinarritutako historia aurkeztuko du, eta Etiopian murgilduko da memoriari eta modernitatearekin talka egiteari buruzko dokumental pare baten eskutik.

Proiekzioak urriaren 4a eta 8a bitartean egingo dituzte, hiriko lau espaziotan: Vital Fundazioaren Dendarabako aretoetan, Florida zineman, Zabalganeko gizarte etxea neta Salburuko gizarte etxean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide