Artium Museoa Euskadiko Filmategiaren egoitza egonkorra izango da

Erredakzioa 2021ko urr. 4a, 13:20

Arantxa Lazkanoren 'Urte ilunak' (1992) filmaren fotograma bat. / ARTIUM MUSEOA

Urritik abendura bitartean, Euskadiko Filmategiaren egoitza egonkor gisa estreinatuko da Artium Museoa, bederatzi euskal emakume zinemagileren inguruko zikloarekin.

Aurrerantzean, Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra izango da Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Donostiako Tabakalerarekin batera.

Urriaren 14tik abendura bitartean izango da hiru espazioetan batera antolatuko den lehen zikloa: Euskal emakume zinemagileak I. Guztira, bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak proiektatuko dira, eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan antolatutako emanaldi berezi bat ere aurreikusi dute azarorako.

Bi erakundeek sinatutako lankidetza hitzarmenaren berri eman dute gaur, museoan bertan, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Bingen Zupiria Kultura sailburuak, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendariak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren zuzendariak, Isabel Herguera zikloaren kartelaren egileak eta Joxean Fernanez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak.

Filmategiko eta erakundeetako ordezkariak Artium museoan, zikloaren aurkezpenean. / ARTIUM

 

Urrats berri bat

1978 sortutako Euskadiko Filmategiaren patronatua Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Gipuzkoako zein Bizkaiko foru aldundiek osatzen dute; Arabaren kasuan, 2005. Sortu zenetik, zinemaren ikuspegitik interesgarriak diren filmak eta ikus-entzunezko lanak ikertzea, berreskuratzea, artxibatzea, gordetzea eta erakustea izan da erakunde horren helburua, betiere, euskal zinemari arreta berezia eskainiz.

Lau hamarkadaren ostean, Filmategiak 2015ean ekin zion Donostian programatzeari, bere egoitza Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora lekualdatu zuenean. 2018an, bere zikloak Bilboko Arte Ederren Museora eramaten hasi zen, euskal zinemaren ondarea hauspotzeko eta zabaltzeko asmoz.

Orain, 2021ean, Filmategiak Gasteizera ere jauzi egitea erabaki du. Aldundiaren eskaera historiko bat asetzeko asmoz Artium Museoarekin sinatutako hitzarmen berriari esker, bere programazioa lurralde arabarrera iritsiko da. Horrela, aurrerantzean, Euskadiko Filmategiak egoitza iraunkorrak izango ditu hiru lurraldeetan.

Bederatzi emakume zinegile, plazara

Urteko azken hiruhilekoa baliatuko du Filmategiak hiru lurraldetako pantailetan ziklo bateratua antolatzeko. Urriaren 14tik aurrera, Euskal emakume zinemagileak I zikloak gutxienez datorren hiru urteetan zehar garatuko den ziklo sortari emango dio hasiera, beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua nabarmentzeko. Zikloarekin batera, argitalpen bat aurkeztuko da laster, Maria Pilar Rodriguez irakasleak koordinatuta.

Zikloa osatzeko, zinemagile bakoitzak film bat hautatuko du libreki bere lan guztien artean; lan horiek proiektatzeaz gain, jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko aukera izango dute.

Honako hauek izango dira lehen denboraldiko protagonistak, gure zinemaren aitzindarietako batzuk. Artiumeko emanaldi guztiak azaroaren 4koa izan ezik, haurrei zuzenduta baitago:

  • Urriak 14: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa.
  • Urriak 21: Varados (Helena Taberna, 2019) dokumentala, errefuxiatuen ezbeharra Europa mesfidati baten atarian.
  • Urriak 28: Mariposas en el hierro (Bertha Gaztelumendi, 2012) dokumentala, indarkeriak tentsioan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu irmoa.
  • Azaroak 4: Lucius Dumben berebiziko bidaia, giza eskubideak dira zure tresnarik onena (Maite Ruiz de Austri, 2013), balioetan hezteko asmoa duen haurrentzako animazioa.
  • Azaroak 11: Kamarada (Julia Juaniz, 2019) dokumentala, Gerra Zibilari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa.
  • Azaroak 18: Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993), gai berari lotuta, haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma.
  • Abenduak 2: Zeru horiek (Aizpea Goenaga, 2005), gatazka politikoaren oihartzunekin; Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa.
  • Abenduak 9: Erlauntza (Mireia Gabilondo, 2020), haurtzaroko lagunen bilera bati buruzko komedia.
  • Abenduak 16: Todo está oscuro (Ana Diez, 1997), Kolonbiako indarkeriara hurreratze bat.
  • Azaroaren 25ean, emanaldi berezia (Elias Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan): Les mères espagnoles eta La marche des femmes à Hendaye (1975) Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder intsumusa eta feministen bi film, frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago