Iritzia

Hezkuntza akordioaz, Bildarratz sailburuari

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataformak 2021ko urr. 4a, 13:00

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, ikastetxe batera egindako bisitan. / IREKIA

"Akordio politikoa egon daiteke, baina beharrezkoa dena hezkuntza hitzarmen sozial eta zabal bat da, benetako prozesu parte-hartzaile demokratikoa egin, eta horrek denbora eskatzen du".

Hezkuntza Akordio bat gertu dagoela gero eta sarriago entzuten ari garen honetan, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko hainbat plataformatan harridura handiz hartu ditugu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak aurtengo ikasturtearen irekiera ofizialean egindako adierazpenak. Bere Sailak aurreikusten duen helburua Hezkuntza Itun baten alde lan egitea da, Hezkuntza Lege Berria onartu aurreko urrats gisa, eta horrek kezkatzen gaitu.

"Balizko itunaren oinarria aurreko sailburu Cristina Uriartek 2018an sinatu zuen 'akordioa' izango litzateke"

Izan ere, Bildarratzek esan duenez, balizko itun horren oinarria aurreko sailburu Cristina Uriartek 2018an sinatu zuen "akordioa" izango litzateke. Oraingoan, Eusko Ikaskuntzak egingo du prozesua, eta datozen 30 urteetan euskal eskolak beharko lukeen izaera zehazteko akordio zabal bat lortzea du helburu.

Behin baino gehiagotan azaldu dugu gure desadostasuna abian jarri nahi den prozesu berriaren oinarria izango den dokumentu horrekin, erabili zen prozeduragatik eta edukiengatik; Jaurlaritzak berak erabaki zituen gaiak eta parte-hartzaileak, eztabaida bideratua eta mugatua izan zen, eta, bere garaian, sare publikoko eragile guztiok arbuiatu zuten.

Horrez gain, gure kezkak eta zalantzak plazaratu nahiko genituzke entzuten ari garen balizko eta, antza, gertu dagoen hezkuntza akordioaren inguruan:

  • Hasteko, Sailburuak argitu egin behar du prozesua: denborak, parte-hartzaileak, edukiak... Planteatzen dena azkarregia da. Ezinezkoa da 30 urte iraungo duen akordio bat urte bakarrean egitea.
  • Akordio politikoa egon daiteke, baina beharrezkoa dena hezkuntza hitzarmen sozial eta zabal bat da, benetako prozesu parte-hartzaile demokratikoa egin, eta horrek denbora eskatzen du. 2018ko "desakordioak" ez du balio.
  • Harritzen gaitu Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik sistemaren aurretiko diagnostikorik egin bere indarguneak eta ahuldadeak zehazteko, edozein hobekuntza planak eskatzen duen bezala.
  • Bildarratz sailburuak eskola segregazioa dagoenik aipatu gabe jarraitzen du, euskal hezkuntza sistemaren arazorik larriena. Halaber, ez du birplanteatzen azken hamarkadetan zehar, Eskola Publikoaren kaltetan, itunpeko hezkuntzaren hazkundea sendotzen ari den finantzaketa eredua berrikusteko beharrik.

"Bildarratz sailburuak eskola segregazioa dagoenik aipatu gabe jarraitzen du, euskal hezkuntza sistemaren arazorik larriena"

Horrelako prozesu azkar batek, diagnostikorik, helburu zehatzik eta funtsezko edukirik gabe, ez du ezer aldatuko; orain daukaguna indartu baino ez du egingo. Hortik atera daitekeen balizko Hezkuntza Legea eskola publikoaren kalterako eta irakaskuntza kontzertatuaren mesederako baino ezin da izan.

Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordio edo legerik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino, sistema inklusibo, ekitatibo eta ez-segregatzaile baterantz aurrera egiteko ezinbestekoa dena.

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuari denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola segregazioaren kontra konpromiso argia azaltzea eskatu nahi diogu.

Sinatzaileak: Euskal Eskola Publikoaz Harroko Gasteiz, Zabaleko Bizirik (Amurrio), Oarsoaldea eta Santurtziko plataformak.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago