Olabide ikastolarako sarbidea hobetuko dute 2022an

Erredakzioa 2021eko urriaren 4a

A-4132 errepidearen azken zatian egingo da esku-hartzea. / GOOGLE EARTH

Olabide ikastolaren inguruko espaloiak eta bidegorriak eraberritzeko eta ikasleen bide segurtasuna indartzeko, 300.000 eurotik gorako inbertsioa egingo dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak.

Udalak eta Aldundiak 305.000 eurorekin finantzatuko dute Olabide ikastolarako eta inguruetarako sarbideak konpontzeko lanak, ibilgailuen, oinezkoen, txirrindularien, ikasleen, irakasleen eta gurasoen bide segurtasuna hobetzeko asmoz. 2022an egingo dira A-4132 errepidearen azken zatiko galtzada handitu eta espaloi zein bidegorri berriak jartzeko obrak.

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatu Blanca de la Peñak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok gaur eman dute proiektuaren berri, datozen asteetan hitzarmena sinatuko dutela iragarriz. Gasteizko Udalak 181.101 euro jarriko ditu. Aldundia, 123.313 euro jartzeaz gain, obrak lizitatzeaz, zuzentzeaz eta desjabetzeak tramitatzeaz arduratuko da.

Olabide ikastetxera sartzeko errepidearen ondoan azaldu dutenez, bi erakundeetako teknikariak urtebete baino gehiago daramate proiektua zehazteko lanetan, bide horretan espaloi eta bidegorririk ez izateak dakartzan arazoei "behin betiko" konponbidea emateko. Izan ere, bizilagun, ikasle eta gurasoen aldarrikapen historikoa izan da ingurua oinezko eta txirrindularientzat hobetzea.

Erakundeetako ordezkariak proiektuaren aurkezpenean, Olabide inguruan. / GASTEIZKO UDALA

 

Esku-hartzea A-4132 errepidean

Laster Malizhaeza kalean hasiko diren lanei gehituko zaien esku-hartzea 300 metro inguruko zati batean gauzatuko da, A-4132 errepidean: galtzada sei metrora zabalduko da, alboetan metro erdiko bazterbideak eta bi espaloi goratu jartzeko. Iparraldeko espaloiak 6,5 metroko zabalera izango du, 2,5 metroko bidegorria barne; hegoaldekoak, berriz, zabalera aldakorra izango du: 9 metro ikastolako sarbidera arteko zatian (bidegorria barne), eta 14 metro errepidearen mugatik ikastolako itxiturara. Gainera, lehen autobusak aparkatzeko erabiltzen zen lekua oinezkoentzako izango da aurrerantzean.

Horrela, jarraitasuna emango zaio Lasarteko atetik datorren bidegorriari, beste espaloi bat eginez, eta ekialderantz joko du A-4132 errepidearen iparraldeko ertzetik ikastetxeko sarreraraino. Bertan oinezko eta txirrindularientzako pasabidea egingo da, behar bezala seinaleztatuta, bidegurutzean ikuspena hobetzeko eta ibilgailuen abiadura moteltzeko.

Azkenik, energia-eraginkortasun irizpideak jarraituz, argiteria publikoa, errepideko drainatze sistema eta seinaleztapen horizontal zein bertikalak berrituko dira. Era berean, ezponden eta obrek hartutako eremuen ingurumena lehengoratzeko lanak egingo dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago