Gasteizko Udal Musika Bandak udazkeneko kontzertu-zikloa eskainiko du Ibaiondoko gizarte-etxeko Felix Petite antzokian. Aurten, denera, hiru kontzertu eskainiko ditu, hiru asteazkenetan: urriaren 6an, 13an eta 20an, hain zuzen ere. Doako kontzertu horietan Luis Orduña eta Iker Olazabal zuzendariek entzuleak gidatuko dituzte azalpen laburren bidez.
Lehen kontzertua, asteazkenean, zartzuela-musikari buruzko monografikoa izango da, eta bandaren zuzendari titular Luis Orduñak Zartzuelaren historia laburra proposatuko du. Obrak kronologikoki aurkeztuko dira: Francisco Asenjo Barbieri ospetsuaren Pan y Toros obratik (1864an estreinatua), Moreno Torrobaren Luisa Fernanda zartzuelarako musikara (1932an estreinatua).
Bigarren kontzertuan, urriaren 13an, Iker Olazabal zuzendariondokoak Sevilla ala San Petersburgo? izeneko errepertorioa gidatuko du. Nabarmentzekoak dira Nicolai Rimski-Korsakov eta Aram Katchaturian konpositore errusiarren obrak eta Agustin Lara edo Pascual Marquina bezalako andaluziar musikagileenak.
Azken kontzertua urriaren 20an izango da. Udal Bandak Gerra eta bakea kontzertua eskainiko du Olazabalek zuzenduta. Gasteizko taldea hausnarketa egiten saiatuko da errepertorio erakargarri bat lagun: John Williams, Johann de Meij, Oscar Navarro eta Wolfgang Korngolden lanak, besteak beste.
Kontzertu egunaren aurreko astelehenetik aurrera eskuratu ahal dira gonbidapenak, 010 telefonora deituta.