Eskola-bisiten programan sartu dute Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa

Erredakzioa 2021eko irailaren 30a

Terrorismoaren Biktimen Memoriala ekainean inauguratu zuten. / Alea

Gasteizko Udalak emandako pausoa "hirian elkarbizitza eraikitzearen aurka" doala adierazi du Martxoak 3 elkarteak.

Gasteizko Udalak Biktimen Oroimenerako Zentroa sartu du Gasteiz Hiri Hezitzailea programan, eta, horri esker, doako eskola-bisitak jarri ahal izango dituzte martxan. "Oso pozik gaude akordio honekin, ezinbestekoa delako ikasleak kontzientziatzea giza eskubideen eta balio demokratikoen garrantziaz. Duela ia hamar urte amaitu zen ETAren jarduna, baina elkarbizitzaren alorrean badela egitekorik uste dugu", adierazi du Maider Etxebarria alkateordeak.

Zentroaren zuzendari Florencio Dominguezek historia horri buruzko informazioa zabaltzeko aukera ematen du, "biktimen sufrimendua gogorarazi eta gazteengan indarkeria gaitzesteko eta giza eskubideak defendatzeko jarrera sendotzeko", eta horregatik Udalak eta Zentroak elkarlanean jardun nahi dutela gogoratu, zentroak eskaintzen duen material didaktikoa ikastetxeen eskura jartzeko.

Hala, hemendik aurrera, ikasleek Memoriala bisitatu ahalko dute, bertako langileen azalpenekin batera, "hiru garaitan banatutako errepaso historikoa egiteko: diktadura frankista, trantsizioa eta demokrazia". Bisitan terrorismoarekin lotutako gertakari nagusiak gogoratuko dituzte, besteak beste, ETAren hasiera, GRAPO taldeak, GAL eta Martxoaren 11. Erakusketak hiru galderaren inguruan hausnartzeko gonbita egingo du: "Nolatan gertatu zen?", "Zer egingo nukeen nik egoera horretan?" eta "Zer egin dezaket errepika ez dadin?". Osagarri gisa, material didaktikoa jarriko dute ikastetxeen eskura.

"Bizikidetzari erasoa"

Martxoaren 3ko Elkarteak bere salaketaren berri eman du sare sozialen bidez, eta Gasteizko Udalak emandako pausoa "hirian elkarbizitza eraikitzearen aurka" doala adierazi du. Patronatua uzteko eta "Espainiako zigorgabetasun eredua" gehiago ez elikatzeko eskatu diete euskal erakundeei. Udalak, errealitate hori ezagutu arren, memoria-proiektu "diskriminatzaile" hori hezkuntza-programan txertatuz bultzatu izana deitoratu dute.

Memoria Osoa sareak, halaber, zentro hau "bizikidetzaren aurkako erasoa" dela salatu du. "Estatuko aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten ditu", adierazi du erakunde memorialistak, eta "giza eskubideen urraketa guztiak" kontuan hartuko dituzten dinamika eraikitzaileak behar direla nabarmendu. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago