Udazkenean kultura oparituko du Oihaneder Euskararen Etxeak

Erredakzioa 2021ko ira. 23a, 18:00

Behin betiko informazioa uneoro eguneratuta izango da webgunean: OIHANEDER.eus

Urriaren 5etik abenduaren 23ra bitartean, eskaintza kultural oparoa eskainiko du Oihanederrek: kontzertuak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, familia jarduerak, ikuskizunak, filmak eta kultura deialdiak izango dira udazkenean zehar.

Udazkena iritsi da, eta, udako egitarauak izandako harrera onak indarberrituta, Oihaneder Euskararen Etxeak urtaro berriko programazioa aurkeztu du, Gasteizko Alde Zaharreko erdialdeko kulturaren gunera hurbiltzen direnei kultura oparitzeko asmoz.

Urriaren 5etik abenduaren 23ra bitartean askotariko jarduerak antolatu dituzte, publiko guztiak euskal kulturara erakartzeko helburuarekin. Horretarako, kontzertuak, antzezlanak, ikastaroak, erakusketak, lehiaketak, familia jarduerak, ikuskizunak, filmak eta deialdiak izango dira, besteak beste.

  • Kontzertuak:
    • Eskilarapeko Soinuak: Keu Agirretxea, Laize MC eta Abereh.
    • Egin Leku!: Leire Etxezarreta eta Alaitz Artola.
    • Aitzina Folk: Ander Garcia trio.
  • Antzezlanak:
    • Ogiak hizketan baleki antzerki performatiboa; Mamiak kolektiboaren eskutik: Marina Suarez (zuzendari eszenikoa), Irantzu Lekue (arte zuzendaria), Josune Velez de Mendizabal (aktorea), Edu Zelaieta (gidoilaria), Ander Gondra (ikerketa historikoa) eta Txema Ramirez de la Piscina (komunikazio arduraduna).
  • Ikuskizunak:
    • Zoriontsuak izatea erabaki genuen (Mikel Ayllon eta Piszifaktoria).
    • Oraindik, orain eta oraingoz (Iñigo Astiz eta Jon Basaguren).
  • Ikastaroak:
    • Hezi-Ola: eskola, kultura, aisia eta euskara elkarri begira; Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzuak, Gasteizko Berritzeguneak, Oihanederrek eta UEUk elkarlanean antolatua.
  • Erakusketa:
    • Oporklik! argazki-hizki lehiaketako lan irabazleak.
  • Lehiaketak:
    • Hizki laburren lehiaketa.
    • Liburuen eta diskoen zozketak sare sozialetan.
  • Deialdiak:
    • Batera, kultur proiektuak elkarrekin: laugarren edizioa.
    • Garatu, kultura eta sormen garaikidea lantzeko programa: Odei Barroso; Txakur Gorria taldeko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeo; Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren; eta Maider Oleaga.
    • TopAraba, Araban euskal kulturaren sormen esparrua sustatzeko egitasmoa.
  • Filmak:
    • Hirugarren emaztea
    • Loving Vincent
    • Nevia
  • Dokumentalak:
    • Red Bay
    • Margolan bat oparitzen didazu
    • Agur esatea
  • Mintzodromoa:
    • Mintz(A)dromoa, Gasteizko mintzalaguneko eta euskaltegietako taldeekin.
  • Familia jarduerak:
    • Lapbook tailerra.
    • Kustomizazio tailerra.
    • Munduko jolasak (Dona Dona Katona).
  • Aurkezpenak eta bestelakoak:
    • Ombuaren itzala (Patxi Bisquert)
    • Harriz harri: Pirineotako mendiak eta geologia (Asier Hilario)
    • 80 amandre ipuin kontaketa (Dorleta Kortazar)

Gonbidapenak

Jarduera gehienak doakoak izanik ere Hezi-Ola izan ezik, gonbidapena aurrez eskuratu beharko da ohiko moduak erabilita: oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikora idatziz, telefono bidez edota Bibe plataformaren bitartez. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenaz jarriko dituzte gonbidapenak eskuragarri.

Urriko egitaraua

Udazkeneko denboraldia abendu amaiera arte luzatuko den arren, urriaren lehen astean emango zaio hasiera. Hilaren 5ean, asteartean, Hirugarren emaztea filma vietnamdarra ikusteko aukera izango dute kulturzaleek (jatorrizko hizkuntzan, vietnamieraz, euskaraz azpititulatua). Aste berean, urriaren 7an, Leire Etxezarreta arrasatearrak zabalduko du Egin Leku! deialdiko kontzertu sorta.

Oihanederren webgunea behin betiko informazioarekin eguneratuta izango da uneoro, egitarauan suerta daitezkeen aldaketen zein egokitzapenen berri emateko.

Pandemiaren bilakaera pixkanaka hobea den arren, segurtasun neurriak mantenduko ditu Oihanederrek. Oraingoz, luzaroko kontua izango dira bai musukoa, bai aretoen edukiera mugatua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago