Gure Artea sariak Artiumen esku utzi ditu Eusko Jaurlaritzak

Erredakzioa 2021ko ira. 23a, 16:46
Goizean aurkeztu dute hitzarmena Ramiro Gonzalezek, Bingen Zupiriak eta Beatriz Herraezek. AFA

Artium Fundazioa arduratuko da Dario Urzay, Cristina Iglesias, Jose Luis Zumeta, Jesus Mari Lazkano edo Itziar Okariz artisten lanak gorde, kontserbatu, digitalizatu, aztertu eta zabaltzeaz.

Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak diren 101 artelan Artium Museoaren Fundazioari komodatu gisa emateko hitzarmena sinatu dute gaur administrazioek. Obra gehienak Gure Artea lehiaketaren bidez eskuratu ziren, 1982 eta 1995 artean. Akordio berrian jasotako lanetatik 37 Museoan zeuden jada, aurreko gordailu-akordioen zati gisa, eta beste hamar iaz, 2020an, iritsi ziren, Zeru bat, hamaika bide erakusketarako mailegu gisa. Gainerakoak, 54 obra, Eusko Jaurlaritzaren Gamarrako eta Lakuako biltegietan gordeta egon dira orain arte, eta Artium Museoaren Bilduman sartuko dira.

Hitzarmen honen bitartez, Artium Fundazioak artelanak gorde, kontserbatu, digitalizatu, aztertu eta zabaltzeko ardura hartuko du. Horrez gain, tratamendu tekniko egokia emango die artelanei eta hala badagokio irizpide zientifikoekin erakusteko aukera ere izango du, beti ere, kontserbazio eta segurtasun baldintza egokietan.

Artelan multzo hori oso interesgarria da Euskal Herriko artearen oraintsuko historiarako, zehazki XX. mendeko azken zatirako. Dario Urzay, Cristina Iglesias, Jose Luis Zumeta, Gema Intxausti, Gabriel Ramos Uranga, Prudencio Irazabal, Azucena Vieites, Jesus Mari Lazkano, Itziar Okariz edo Marisa Fernandez bezalako artisten lanak daude multzo honetan.

Hitzarmenak hamar urteko iraupena  du eta automatikoki luzatu ahal izango da bi urteko iraupen-aldietan, beti ere bi aldeek kontrakoa esaten ez badute. Jarraipen batzorde batek aztertuko du komodatu-kontratua betetzeko urratsak ematen diren. Kultura eta Hizkuntza Politika saileko kide batek eta Arabako Artium Fundazioko ordezkari batek osotuko dute jarraipen batzorde hori.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide