Aste honetan, Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Teatro Paraiso taldeko zuzendari Pilar Lopezek aurkeztu dute Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare antzokiaren 2021-2022 ikasturterako programazioa, hezkuntza ziklo desberdinetako ikasleei zuzendutako bederatzi lanekin.
Bertan azaldu dutenez, aurreko ikasturtea konplexua izan da, arte eszenikoak hiriko ikastetxeetara hurbiltzeko programa deszentralizatu egin behar izan dutelako: "Edukiera murriztu behar izan dugu, higiene eta osasun neurriak bete... Ikaskuntza handiko urtea izan da, baina orain ilusioz betetako denboraldia dugu berriz ere, eta Beñat Etxepare antzokira itzuliko gara", adierazi dute.
Bigarren Hezkuntzako 2. zikloko gazteek literaturak hiria eraikitzen nola laguntzen duen ikusteko aukera izango dute, eta dolua landuko dute bere alderdi guztietan. Horretarako hiru lan eskainiko zaizkie:
- Amor oscuro (sonetoak), Viridiana Centro de Producción Teatral taldearen eskutik.
- La loca historia de la literatura, Teatro de Poniente taldearen eskutik.
- Triple salto, Pikor Teatro taldearen eskutik.
Lehen hezkuntzako ikasleek, berriz, emozioak deskubrituko dituzte Ekhi txikiaren beldurren eta horiek gainditzeko duen moduaren bitartez; gizabanako bakoitzak askatasunerantz duen bidea ezagutuko dute pailazo maitagarri baten eskutik; zoriontsu izateko zer behar den hausnartuko dute, eta zirku teknikak baliatuta, liburutegi batean bizitzea nolakoa izango zen ezagutuko:
- Ikimilikiliklik, Marie de Jonghen eskutik.
- Corre payasa, Panta Rheiren eskutik.
- Gizon Zoriontsuaren alkandora, Teatro Paraísoren eskutik.
- Vademekun, Zirkozaurreren eskutik.
Haur Hezkuntzako ikasleei dagokienez, egunerokotik gure irudimenaren alde sakonerainoko bidea egingo dute, eta behaketa eta esperimentazioa landuko dute Teatro Paraisoren bi lanekin:
- Nomadak
- Leihoak
Bertaratuen segurtasuna bermatzearren, neurri orokorrak eta partikularrak hartuko dira, prestakuntza zikloaren arabera. Erreserbak egiteko epea irailaren 13an hasi zen, eta sarrerek 5 euroko prezioa dute; irakasleentzat doakoa da.
Bestelako jarduerak
Gasteizko alfabetizazio artistikoa sustatzea xede, Teatro Paraisok Europako POCTEFA – Mind the Gap proiektuan parte hartzen du 2018tik, eta, hori dela eta, bestelako ekintza ugari ere izaten dira Beñat Etxeparen.
Horietako batzuk irakasleentzat izaten dira: aurkezpenetarako kafeak, lantegi didaktikoak, lantegi klaustroak, arte eta hezkuntza ikastaroak, eta gida didaktikoak. Beste batzuek, ikusleentzako sari ezagunak, esaterako, ikusle gazteen begirada kritikoan jartzen dute arreta. Horrez gain, beste ekintza hauek era badira: Vital Antzerki programa, Agertokira! programa, Unesco Etxearekiko lankidetza, proiektu artistikoetarako egoitzak eta bitartekaritza artistikoari buruzko mintegia.