Garatu programa

Hamabost gazte bildu eta talde kultural bat osatuko du Oihanederrek

Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 18:00

Garatu programaren irudi korporatiboa. / OIHANEDER EUSKARAREN ETXEA

Oihaneder Euskararen Etxeak Garatu programa jarri du martxan, azaroan eta abenduan kulturari modu kritiko batean erreparatzeko ikastaro bat eskainiz eta hamabost gazteren talde bat sortzeko. Izena emateko epea urriaren 20an amaituko da.

Udalaren laguntzarekin lehen aldiz antolatutako Garatu programaren bitartez, Oihaneder Euskararen Etxeak 16 eta 25 urte bitarteko hamabost gaztek osatutako talde kohesionatu bat osatuko du, kultura garaikidea eta pentsamendu kritikoa sustatzeko eta kulturari modu kritiko eta parte-hartzailean erreparatzeko guneak eskaintzeko asmoz.

"Garatu" hitzak, bere jatorrian, barazkien loratze prozesuari egiten zeion erreferentzia. Egitasmo honetan ere, "sormena eta pentsamendua modu askeago batean loratuko dituzte gazteek", sustatzaileen arabera; izan ere, sortzaile gazteen sarea elikatzea eta euskararen erabileran zein gaitasunean eragitea bilatuko dute programaren bitartez.

Horretarako lehen urrats gisa, ikastaro bat eskainiko dute azarotik abendura bitarteko lau larunbatetan, saio bakoitzean diziplina ezberdinak landuz, hainbat adituren eskutik. Gainera, saio bakoitzean sormena eta eztabaida landuko dira, arlo sozialeko gatazka garaikideen inguruko hausnarketen bidez:

Partaideek ez dute arlo artistikoan aurretiazko formakuntzarik izan beharko, eta doakoa izango da. "Artean dela edo diseinuan, idazketan, talde hausnarketetan, kultura kudeaketan, talde zaintzetan edo sare sozialetako kudeaketan dela, denek izango dute lekua eta egitekoa Garatu taldearen baitan", argitu dute antolatzaileek.

Oinarriak eta izena emateko formularioa oihaneder.eus webgunean topatu daitezke jada. Izena emateko epea urriaren 20an amaituko da; ondoren, izen-emateen arabera, taldea osatuko duten hamabost gazteak hautatuko ditu Oihanederrek, eta hilaren 22an jakinaraziko dira horien izenak.

Lau saioko ikastaroa

  • Azaroak 6: bertsolaritza eta rapa, Odei Barrosoren eskutik. Saio honek giza eskubideak eta aniztasuna izango ditu ardatz.
  • Azaroak 20: autoedizioa, Txakur Gorria kolektiboko Malen Amenabar eta Mariñe Arbeoren eskutik. Sorkuntza euskaraz aurrera eramateko baliabideak konpartituko dituzte.
  • Abenduak 11: antzerkigintza, Formol Laborategiko Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibarguren eskutik. Kasu honetan, gazteak gizartea eraldatzen izango dira saioaren gai nagusia.
  • Abenduak 18: zinemagintza, Maider Oleagaren eskutik. Mikromatxismoen eta genero berdintasunaren ikuspegitik jorratuko du saioa zinegileak.

Ikastaroaren ostean

Behin ikastaroa burututa, parte hartu duten gazteek ekimen edo ikuskizun bat antolatuko dute. Horretarako, Oihaneder Euskararen Etxearen azpiegiturak erabili ahal izango dituzte, eta kultura kudeaketaren trebatzeko aukera izango dute. Gainera, diru-saria eta gidaritza-laguntza ere jasoko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago