Udaparen aurkako zehapen-prozedura ireki du Lan Ikuskaritzak, lan istripu batengatik

Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 10:00
Udapako langileen elkarretaratzea, Gasteizko lantokiaren atarian. / LAB SINDIKATUA

Abenduan, Udapako langile bat gaizki seinaleztatutako zanga batera erori zen Gasteizen. Orain, Lan Ikuskaritzak kooperatibaren aurkako zehapen-prozedura administratiboa irekitzea ebatzi du, prebentzio arloko arau-hausteengatik.

2020ko abenduan, patataren sektoreko Udapa kooperatibako langile batek lan istripu bat izan zuen Gasteizko lantokian, gaizki seinaleztatutako eta irekita zegoen zanga batera erorita; ondorioz, langilea larri zauritu zen. LAB sindikatuko ordezkariek osatutako enpresa batzordeak salaketa jarri zuen.

Ia hamar hilabete beranduago, ikuskapen jarduerak amaituta, Lan Ikuskaritzak Udaparen aurkako zehapen-prozedura administratiboa abiatzea ebatzi du.

Osalanen ikerketa

Ekainean, Osalanen txosten batek enpresaren prebentzio ekintza auzitan jarri zuen. Lantoki berean bi enpresa edo gehiagotako langileek jarduerak egiten dituztenean Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen arabera, enpresak "ez zuen behar bezala gauzatu jardueren koordinazioa".

Izan ere, txostenak zioenez, langile guztiei ez zitzaizkien jakinarazi zangak eragindako arriskuak, eta, beraz, ez zitzaien jakinarazi beste maila batera erortzeko arriskua. Gainera, seinaleak kontraesankorrak ziren: alde batetik, behin-behineko seinale batekin pasatzea debekatzen zuten, eta, bestetik, irteera horretatik ebakuazio bidea adierazten zuten.

Osalanen ikerketak agerian utzi du "enpresak, prebentzio ekintzari dagokionez, teorikoki espedientea formalki bete besterik ez zuela egin, baina egiaren orduan, praktikan ez zuela garatu edo aplikatu behar zuen bezala".

Azkenik, Lan Ikuskaritzak istripua izan duen langilearentzako prestazioen errekargu proposamena egin dio Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari, "enpresak laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak urratu dituelako".

Inbertsioa prebentzio arloan

LAB sindikatuaren ustez, "Udapa kooperatiba bat den heinean, eta saltzen dituen balioen gainetik, langileen segurtasunari eta osasunari dagokienez, ohiko edozein enpresa pribatuk bezala jokatzen duela; produktibitateari eta epe laburreko onura ekonomikoari ematen dio lehentasuna". Hortaz, sindikatu abertzaleak prebentzioan inbertitzeko beharra azpimarratu du: "Istripua gertatu zenean jada publikoki salatu genuen. Norabide aldaketa bat behar dugu, eredu aldaketa bat, non langileen osasuna eta bizitza izango den elementu nagusia".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide