Udaltzaingoak kamera pertsonalak eramango ditu esku-hartzeak grabatzeko

Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 09:30

Kamerak uniformeari lotuta doaz, eta zortzi orduz grabatzeko ahalmena dute. / GASTEIZKO UDALA

Arrisku zein larrialdi egoeretako esku-hartzeak grabatzeko erabiliko dira Udaltzaingoak eskuratu dituen hamabi kamera pertsonalak. Pertsonekin egindako grabazioetan, jakinarazi beharko diete, kontra egiteko eskubideez baliatzerik izan dezaten.

Gaurtik aurrera, kalean lan egiten duten udaltzainek hamabi bideokamera pertsonal erabiliko ditu esku-hartzeak grabatzeko. Kamerek 160 gramo inguruko pisua dute, uniformeari lotuta joango dira, eta zortzi orduz grabatzeko bateria-karga izango dute.

Baina ez da edozein esku-hartze grabatuko, baizik eta Herritarren Segurtasunaren Sailak landutako erabilera protokolo batean jasota dauden arrisku edo larrialdi egoerak.

Euskadiko Bideozaintza Batzordeak berriki baimendu ditu gailu horiek, eta Udalak hiru helburu nagusi zehaztu ditu: delituen prebentzioan eta jazarpenean aurrera egitea, Poliziaren lanari gardentasun handiagoa ematea eta segurtasun handiagoa ematea agenteei zein herritarrei.

"Esku-hartzeak grabatze hutsak momentuko tentsioa nabarmen murrizten laguntzen du, disuasio efektua du. Hala egiaztatu genuen duela zenbait hilabete egin genuen proba pilotuan. Bertan ikusi genuen kamerek lagundu egiten dutela egoera jakin batzuk azkarrago konpontzen, hain gatazkatsu ez izaten. Animoak baretzen laguntzen dute", azaldu du Marian Gutierrez zinegotziak. "Gainera, esku-hartzea grabatuta geratuko dela jakiteak segurtasun eta berme handiagoa ematen die herritarrari eta esku hartzen duten agenteei".

Nola erabiliko dira?

Irudiak grabatu ahal izango diren egoerak jarduketa-prozedura batean jaso dituzte, indarrean dauden lege eta araudietan xedatutakoaren ildotik:

  • Arrisku edo aparteko larrialdi egoeretan aktibatuko dituzte bideokamerak.
  • Pertsonekin egiten diren esku-hartzeak grabatzekotan, jakinarazi egin beharko zaie, datuak eskuratu, zuzendu, baliogabetu eta kontra egiteko eskubideez baliatzerik izan dezaten. Salbuespen batekin: esku-hartzearen berehalakotasuna, konplexutasuna edo arriskua dela eta, aurretiko komunikazio hori ezinezkoa izatea; kasu horretan, udaltzainek gerora jakinarazi beharko dute.
  • Grabazioen irudiak udal zerbitzari batean gordeko dira, eta gehienez ere hilabeteko epean ezabatuko dira, segurtasun publikoaren arau-hauste penal edo administratibo larriekin edo oso larriekin lotuta ez dauden kasuetan —polizia ikerketa bat edo prozedura judizial zein administratibo ireki batekin—.

Ekipamendu berriak

Agintaldi honetan Udaltzaingoaren ekipamenduak berritzeko estrategiaren parte dira kamerak. Halaber, hamalau patruila-auto eta 4x4 modelo bat erosiko dira laster —zazpi elektriko eta beste zazpi hibrido—, milioi bat euro pasatxoko aurrekontuarekin. Horrez gain, balen kontrako txaleko eta motorzaleentzako kasko berriak ere erosi dituzte, besteak beste.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago