Gasteiz Duatloiaren I. edizioak 300 atleta baino gehiago izango ditu

Erredakzioa 2021ko ira. 21a, 14:20

Lasterketaren informazio guztia bildu dute duatlonvitoriagasteiz.com webgunean.

Beste hitzordu bat gehitu zaio kirol ekitaldien egutegiari: urriaren 10ean, Gasteiz Duatloiaren I. edizioa egingo da. 300 atleta baino gehiago bilduko ditu probak, lasterka eta bizikletan.

Dagoeneko 300 pertsonak baino gehiagok eman dute izena Gasteiz Duatloiaren I. ediziorako, eta urriaren 4an amaituko da epea. Astearte honetan Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek aurkeztu duenez, urriaren 10ean ospatuko da, Salburua, Zurbao eta Betoñu inguruan osatuko diren bi zirkuitutan.

Bi kategoria izango ditu probak: federatuen kategoria eta kategoria herrikoia. Aurreikuspenen arabera, 250 pertsonak parte hartuko dute 12:00etan abiatuko den kategoria nagusian; bi ordu lehenago, 10:00etan, 100 pertsona arituko dira kategoria herrikoian.

Covid-19aren aurkako segurtasun neurrietara egokituko dute ekitaldia. Boxen gunea Buesa Arenaren kupularen azpian egongo da, eta partaideek eta akreditazioa dutenak bakarrik sartu ahal izango dira bertara. 14:00etan amaitzea aurreikusi dute.

Federatuen kategoria

Bost kilometro oinez, hogei kilometro bizikletaz eta beste 2,5 kilometro oinez. Hasteko, Buesa Arenatik irten eta bi buelta eman beharko zaizkio lasterka 2,5 kilometroko zirkuituari.

Ondoren, bizikleta gaineko proba sei kilometro pasatxoko zirkuitu batean egingo da, Zurbaoko Atea, Hezeguneen Pasealekua eta Betoñuko industrialdean zehar. Hiru itzuli eman beharko zaizkio. Amaitzeko, beste buelta bat eman beharko zaio Buesa Arena inguruko zirkuituari, korrika.

Kategoria herrikoia

Bestalde, kategoria herrikoiaren kasuan, laburragoak izango dira distantziak: 2,5 kilometro egingo dira korrika (buelta bat zirkuituari), 13,4 kilometro bizikleta gainean (zirkuituari bi buelta) eta 2,5 kilometro korrika  (beste buelta bat zirkuituari).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago