Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea hasi da gaur, hilaren 22ra arte luzatuko dena, beste 2.500 hirirekin batera. Gasteizen, aurten, ibilgailu pribatuari irabazitako espazio publikoak nabarmendu nahi dira, desplazamendu modu iraunkorragoen aldeko lanean.
Mezu horrekin, Enara Baron artista lokalak esku-hartze bat egin du, atzo Andre Maria Zuriaren plazan jarri zen auto baten gainean. Hiriko mugikortasun iraunkorrari buruzko ilustrazioekin itxuratu du autoa; espazio publikoaren "konkista" hori erakusteko balio izan du ekintzak.
Hurrengo egunetan, hainbat jarduera izango dira. Nabarmentzekoak dira bihar hiriaren erdialdean barrena espazio publikoan izandako aldakuntzak deskubritzeko egingo den oinezko martxa, Biktimen Memorialaren ondoan egingo den azoka —mugikortasunaren eta osasunaren inguruko hainbat lantegi eta jarduerarekin— eta BEIk bidaiariekin egingo dituen lehen ibilbideak, hilaren 22an. Mugikortasun iraunkorrari buruzko web-mintegi bat ere egingo da, hilaren 20an. Besteak beste, mugikortasun iraunkorraren arloko aditua den Salvador Ruedak parte hartuko du.