Joan den igandean Gasteizko etxebizitza batean jazotako genero indarkeriako gertakari baten berri izan zuen Ertzaintzak, eta kasuaren nondik norakoak ikertzen ari da orduz geroztik. Ustezko erasotzaileak emakume bikotekidea aurpegian kolpatu zuen bortizki, behin eta berriz; gainera, aizto batekin mehatxu egin zion biktimari.
Ertzaintzak jakinarazi duenez, erasoaren hurrengo egunean, irailaren 13an —astelehena—, emakumeak osasun arreta jaso zuen, hainbat kolpe jaso zituelako. Ondorioz, ustezko erasotzailea atxilotu zuen Ertzaintzak, genero indarkeriako delitu bat egotzita. Besteak beste, sexu eraso, lesio, mehatxu eta hertsapen delituak leporatu dizkiote.
Gaur, asteazkenean, Gasteizko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Epaitegiaren esku utziko dute.