AEKren matrikulazioa zabalik: "Ikasi euskara bidelagun onenarekin"

Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 12:00

Osasun neurrietara egokituta, aurten ere ohiko ikastaroekin jarraituko dute AEKko euskaltegietan. Matrikulazio kanpaina aurkeztu dute egunotan, Ikasi euskara bidelagun onenarekin lelopean.

Aurreko ikasturtea arrakasta handiz amaitu ostean, urrian berriro hasiko dira ohiko ikastaroak eta aurrez aurreko eskolak AEKko euskaltegietan, baita Araban ere. Horretarako, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak matrikulazio kanpaina abiatu du, bere burua euskara ikasteko "bidelagun onena" gisa aurkeztuz.

Izena emateko epea iraila osoan zehar luzatuko da, eta, aurten, gainera, irakaslea eta ikaslea batera elkartzen dituen AEKren bizidekarra herriz herri ibiliko da (zabaldu duten bideoan ikus daitekeenez).

Bide horretan, izena ematen dutenek gertu-gertuko laguntza izango dute irakasleen aldetik: "Irakasleak gai direlako ikasleak ikasprozesuan aurrerantz egin dezan, eta, bestetik, euskaraz bizi denaren pasioz, irakasleak nahi duelako euskaltegian matrikulatzen den pertsonak ikas dezala", azpimarratu du Alizia Iribarren AEKko koordinatzaile nagusiak kanpainaren aurkezpenean.

"Euskara ikasteko garaia berriz hemen dugu, euskara maila hobetzeko, euskara erabiltzen jarraitzeko. Ate joka dugun ikasturte berriari begira, asko ikasi dugu. Eta ziur gaude, iazko esperientziatik abiatuta eta pandemiaren bilakaeran aurreikusten den hobekuntza tarteko, 21-22 ikasturtean, euskaltegietara hurbiltzen diren herritarrek inguru seguruago bat topatuko dutela", gaineratu du Iribarrenek.

Ohiko ikastaroak, urritik aurrera

Ikasturte berria urrian hasiko da, eta AEKk ohiko ikastaroekin jarraituko du, betiere betiere unean uneko osasun neurrietara egokituta eta prebentzio neurri guztiak bermatuta. Euskara hutsetik ikasteko, etxeko zein lagunarteko harremanak euskaraz izateko, lan egoera hobetzeko edota euskara maila zehatz bat lortzeko herritarrek bost aukera izango dituzte AEKko euskaltegietan:

  • Euskaltegietan, aurrez aurreko taldeak: ohiko euskalduntzea eta mailak egiaztatzeko ikastaroak.
  • Autoikaskuntza euskaltegian.
  • Eredu konbinatua: aurrez aurreko eskolak eta autoikaskuntza uztartuta.
  • Online ikastaroak.
  • Foruko barnetegia: Urdaibai Biosferako Erreserban, urte osoan zabalik.

Laguntza publikoak

Azkenik, AEK azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, udalek, aldundiek eta mankomunitateek emandako diru laguntzen garrantzia. EAEn, adibidez, B2 mailara arteko prozesua doakoa, maila egiaztatuz gero.

Ikastaroen, diru laguntzen zein hizkuntza agirien inguruko informazio guztia AEKren webgune ofizialean eta euskaltegietan aurkitu daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago