2022an zergak izoztu eta tasak igo nahi ditu Urtaranen gobernuak

Erredakzioa 2021ko ira. 14a, 10:00
Iñaki Gurtubai zinegotzia Ogasun Batzordea batean. / GASTEIZKO UDALA

Gasteizko susperraldi ekonomikoari laguntzeko, zergak izoztea eta tasak zein prezio publikoak %3 igotzea izango da udal gobernuaren proposamena. Ondoren, oposizioko taldeen artean akordioa bilatu beharko dute.

Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak aste honetan bertan onetsiko du datorren urterako zerga, tasa eta prezio publikoei buruzko proposamena. Akordioak bilatzeko talde politikoek oraindik eztabaidatu eta adostu beharko duten arren, Udala tokiko ekonomia lehengoratzeko eragile aktiboa izatea da udal gobernuaren helburu nagusia, Orain Gasteiz Planaren bitartez zehaztutako ildoari jarraituz.

Urtaranen gobernuak astelehenean aurreratu du bost zerga lokal izoztu nahi dituela: ondasun higiezinak (IBI), ibilgailuak, jarduera ekonomikoak, gainbalioa eta eraikuntza, instalazio eta obrak. Gaur egun, udal zergen bitartez jasotzen denaren bi heren bertatik iristen dira.

"Pandemiak sortutako krisialdiaren aurreko pultsua berriro edukitzen hasiak garen honetan, ez da zergak igotzeko garaia", azpimarratu du alkateorde eta Ogasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik. "Familiei, negozioei eta enpresei lagundu nahi die Udalak, iristen ari den bizitza sozial eta ekonomikoa berreskuratzen".

%3ko igoera tasa eta prezio publikoetan

Udalari zergen bitartez jasotzen duenaren %35 inguru ematen dioten tasa eta prezio publikoei dagokienez, KPIaren arabera eguneratzea proposatu du udal gobernuak. Urtetik urterako KPI kontuan izanik —2020ko abuztutik 2021eko abuztura bitartekoa—, %3ko igoera proposatu du Urtaranen kabineteak.

Planteamendu "moderatu eta zentzuzko" horrekin, udal zerbitzuen "iraunkortasun ekonomikoa" bermatu nahi dute, "sortzen duten kostuaren eta finantzatu beharko lituzketen tasa eta prezio publikoen bitartez jasotzen denaren arteko diferentzia handitu dadila eragotziz".

Igoera leunagoa gizarte zerbitzuetan

Bestalde, Gizarte Politiken Sailaren prezio publikoei dagokienez, %1,5eko igoera egitea aurreikusi du udal gobernuak; gainerako zerbitzuetarako proposatutakoaren erdia. Besteak beste, etxean laguntzeko zerbitzuari, otorduak etxera banatzeari, jantokiei, etxebizitza komunitarioei eta egoitzetako egonaldiei eragingo die igoerak.

"Kolektiborik ahulenetako kideak dira neurri horren onuradun izango diren pertsonak, diru sarrerarik gutxien duten gizarte sektoreak", azpimarratu du Gurtubaik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide