Duela bost mendetik hona urtero egin ohi denez, eta iaz bezala —hau da, prebentzio neurri sanitarioekin—, Gasteizko alkateak eta zinegotziek Erretana, Gamarra, Gamarragutxia, Dura, Artzubiaga, Betoñu, Zurbao, Elorriaga, Arkauti, Arkaia, Ilarratza, Jungitu eta Uribarri Arratzuko lurretan kokatutako 28 mugarriak bisitatu dituzte astelehen honetan.
Erromeriarik gabeko Olarizuko Eguneko ekitaldi bakarra izan da. Alkatea, basozain nagusi gisa, taldeburu izango da Gasteiz udalerriko mugak inguratuko dituen 9,4 kilometroko ibilbidean zehar.
Pandemia hasi zenetik azken bi urte hauek salbuespen izan badira ere, erromeria egin izan ohi dute gasteiztarrek irailaren 8aren —Ama Birjinaren Jaiotzaren Jaia— osteko astelehenean, nekazarien ohitura zaharrari jarraituz, udaren zikloa ixteko eta uzta-bilketagatik eskerrak emateko.
Makroproiektuen aurkako protesta
Bestalde, ordezkari politikoen ibilaldia baliatu du Araba Bizirik plataformak, bere aldarrikapenak plazaratzeko eta urriaren 23an makroproiektuen aurka Gasteizen egingo den manifestazio bateratura deitzeko; 18:30ean abiatuko da Bilbo plazatik.
Arabako lurraldean martxan dauden hainbat makroproiekturen aurkako mugimenduek osatzen dute Araba Bizirik izeneko plataforma berria: AHTrik Ez plataforma —Abiadura Handiko Trenaren aurkakoa eta gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen aldekoa—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurkakoa—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —negutegi erraldoien aurkakoa eta elikadura sistema jasangarrien aldekoa— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Duran eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurkakoa—.
Gaur egun "abian dauden proiektuak gelditzea eta landa zein natura inguruneak babestea" eskatu dute, besteak beste. Astearte honetan, 11:00etan Arabako Kontzeju Elkartearen egoitzan (Elorriaga), prentsaurreko batean aurkeztuko dute manifestazio deialdia.