Zortzi bisoi europar askatu dituzte Salburuan

Erredakzioa 2021ko ira. 10a, 13:51
Salburuan askatutako zortzi bisoi europarretako bat. / AFA

Salburuko hezeguneetan zortzi bisoi europar askatu dituzte. Gainera, beren mehatxu nagusia den espezie inbaditzailea ezabatu dute kontserbazio lanek eta tranpak jartzeko kanpainek: dagoeneko ez dago bisoi amerikarrik Araban.

Aldundiak eta Gasteizko Udalak askatutako bisoi europar horiek gatibu hazi dira, Araban espezie horren populazioa indartzeko programaren barruan. Askatze horiekin amaitu da urteko programa. Guztira, zazpi kume —Quincoces, Quincano, Quemada, Quer, Quesada, Quejana eta Quintana— eta heldu bat askatu dituzte; horietatik lau emeak dira eta beste lau arrak.

Gaur egun, "egoera kritikoan" katalogatuta dago bisoi europarra, bere lehiakide nagusia den bisoi amerikarraren mehatxua dela eta. 1998az geroztik, espezie exotiko inbaditzaile hori naturan ugaltzen ari zela detektatu zenetik, bi erakundeak lankidetzan ari dira kontrol lanak egiteko.

Hainbat urtetan zehar espezie europarra kontserbatzeko egindako lanei eta tranpak jartzeko kanpaina arrakastatsuei esker, bisoi amerikarrik gabeko lurraldetzat jo daiteke Araba 2019. urteko hasieratik. "Kontserbazio lana funtzionatzen ari da, eta bisoi europarrak egoera egonkorra du", azpimarratu du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak.

Araban askatutako aleek eta Errioxako Najerillan askatzen ari direnek Araba zein Ebro garaiko populazioa handitzen lagunduko dute; izan ere, espeziearen banaketa eremua oso zatikatuta dago penintsulako iparraldean, Amerikako bisoiaren presioaren eta erasoaren ondorioz. Aldundiak askatutako zortzi aleen jarraipen lanak kontratatu ditu dagoeneko, haien kokapenaren eta mugimenduen berri ematen duten lepokoei esker.

Gainera, hainbat errepidetan harrapatzeak izaten direnez, Aldundia, Eusko Jaurlaritzarekin eta Udalarekin lankidetzan, espeziearentzako arriskutsuak diren lekuak seguruagoak izateko lanean ari da erreketan eta ibaietan faunarentzako pasabideak sortuz, hala nola Arkautin, Ilarratzan, Burgun eta Kanpezun.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide