Ertzaintzak Boulevard merkataritza gunea hustu du, motxila susmagarri batengatik

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 20:30

Instalazioak hustu eta inguruak itxi ditu Ertzaintzak. / ALEA

Motxila susmagarri batek alarma piztu du Gasteizko Zaramaga auzoko Boulevard merkataritza zentroan. Ertzaintzak instalazioak hustu eta inguruak itxi ditu, eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea mobilizatu behar izan du.

Ostegun honetako 19:30ak aldera, Boulevard merkataritza gunean erosketak egiten ari ziren herritarrek harriduraz ikusi dute Ertzaintza eta Udaltzaingoa instalazioak utzarazten ari zirela. Polizia iturrien arabera, lehergailuren bat izan zezakeen motxila susmagarri batek piztu du alarma; antza denez, segurtasun kamerek grabatutako gizonezko batek kirol establezimendu baten inguruan utzi du poltsa.

Ondorioz, Ertzaintzak Lehergailuak Indargabetzeko Unitatea (UDE) mobilizatu behar izan du. Jendea eraikinetik kanporatzeaz gain, inguruak itxi eta sokaz hesitu dituzte merkataritza zentroko hainbat zonalde eta kanpoaldea.

21:00ak aldera, ingurua miatu eta edozein arrisku baztertu ostean, inguruak ireki dituzte; izan ere, motxilak arropa besterik ez zuen.

Informazioa eguneratzen ari gara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago