Mugikortasun Iraunkorraren Astea

Irailaren 22an izango da BEIren lehen ibilbidea bidaiariekin

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 13:00

Bus Elektriko Adimentsua (BEI), bidaiaririk gabeko proba batean. / Argazkia: ALEA

Irailaren 16tik 22ra bitartean, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea ospatuko du Gasteizek. Azken egunean, herritarrek Bus Elektriko Admientsuan (BEI) joateko aukera izango dute lehen aldiz; sei ibilbide gidatu egingo dira.

Mugikortasunari eta osasunari buruzko informazio ibilbideak, Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruan egingo den kale jarduera —irailaren 18an— eta bidaiariekin BEIren lehen ibilbidea —irailaren 22an—. Irailaren 16tik 22ra bitartean kontinente osoko 2.000 hiritan egingo den Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen aurtengo ediziorako ekintzak aurkeztu ditu Gasteizko Udalak ostegun honetan.

Europako Batzordearen ekimenak 20 urte beteko ditu aurten, Zure osasunagatik, mugi zaitez modu iraunkorrean goiburupean. Arabako hiriburuak ere azken bi hamarkadetako lorpenak aldarrikatzeko programa prestatu du —baita bideo bat ere—, egitasmoa ospatu zuen estatuko lehen hirietako bat izan baitzen.

"Geroztik izan dituen edizioak laborategi gisa baliatu izan dira, mugikortasunean eta espazio publikoan izan diren hainbat aldaketa probatu eta bultzatzeko", nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Sei eguneko egitaraua

  • Irailaren 16an, osteguna, kale jarduera Andre Maria Zuriaren plazan. Ibilgailu pribatuari irabazitako espazioari buruz ohartarazteko ekintza, gure eguneroko bizitzan izan duen eragina erakutsiz —osasunean, aisialdian, harreman sozialetan, baita ekonomikoan ere, merkataritza-ardatz berriak bultzatu baititu—. Egun berean, Tecnaliak bultzatutako mugikortasun iraunkorraren inguruko jardunaldia egingo da Atarian.
  • Irailaren 17an, ostirala, oinezko martxa bat egingo da, 20:00etan, Hiri lasaitua eta osasungarria izenburupean, Mugikortasun Iraunkorraren Planaren barruan eraldatu diren espazio urbanoetan barrena. Parte hartzeko izena eman beharko da Udalaren webgunearen bitartez.
  • Irailaren 18an, larunbata, kale jarduera Terrorismoaren Biktimen Memorialaren inguruan. Espazio hori laster birmoldatuko da, herritarrek erabiltzeko plaza handi bat egiteko. 11:00etatik 14:00etara bitartean, mugikortasun iraunkorraren eta gure osasunean dituen onuren inguruan sentsibilizatzeko jarduerak egingo dira bertan. Halaber, BEI bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, unitateetako bat bertan izango baita, herritarrak igotzeko. Informazio gune zentral bat ere izango da, musikarekin.
  • Irailaren 20an, astelehena, mugikortasunari eta osasunari buruzko jardunaldi bat izango da, bi alor horietako adituekin, mugikortasun iraunkorragoak gure bizi kalitatea eta osasun fisiko zein mentala zenbateraino hobetzen duen eztabaidatzeko. Izen-emateak Udalaren webgunearen bitartez.
  • Irailaren 21ean, asteartea, Egibideko ikasleek eta Udalaren adinekoen zentroetako pertsonek 8 80 hiriak lantegiko ondorioak azalduko dituzte udaletxean. Hirian barrena mugitzeko kolektibo horiek dituzten benetako beharrak azaleratzea du helburu lantegiak.

BEIren lehen ibilbidea, bidaiariekin 

Azkenik, programaren bukaera irailaren 22an iritsiko da, Hiria nire autoa gabe Europar Egunarekin. Gasteizko Udalak egun hori baliatuko du Bus Elektriko Adimentsua (BEI) garraiobide berria herritarrengana hurbiltzeko. Horretarako, sei ibilbide gidatu egingo dira Boulevardeko eta Mendizorrotzeko geltokien artean.

Herritarrek ibilgailua probatu eta garraio sistema berriaren ezaugarriak bertatik bertara ezagutu ahal izango dute: besteak beste, irisgarritasuna, segurtasuna, iraunkortasuna, maiztasunak eta txartelak eskuratzeko modua. Parte hartu nahi dutenek, lekua bermatzeko, Udalaren webgunearen bitartez eman ahal izango dute izena; baina sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago