Gasteiz Hiri Hezitzailea programak 217 hezkuntza jarduera eskainiko ditu

Erredakzioa 2021ko ira. 9a, 12:42

Estibaliz Canto, Kultura zinegotzia. / GASTEIZKO UDALA

Gasteiz Hiri Hezitzailea udal programak hiriko ikastetxeei zuzendutako 217 jarduera eskainiko ditu. Edizio honetako jardueretan izena emateko epe orokorra irailaren 14an hasiko da.

Gasteizko Udalak asteazken honetan aurkeztu ditu Gasteiz Hiri Hezitzailea programaren jarduerak 2021/22 ikasturterako. Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok iragarri duenez, programaren 217 jardueretako izen-ematea Udalaren webgunearen bitartez egin beharko da.

Askotariko gaiak landuko dira programaren edizio honetan: ingurumena (13 jarduera), hiriaren ezagutza (21), euskararen erabileraren sustapena (10), artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza (49), gorputz-hezkuntza eta kirola (9) eta berdintasunerako hezkuntza (4). Gainera, honako lantegiak eskainiko dira: osasunerako hezkuntza (34), herritarren parte hartzearen sustapena (13), gaitasun digitaletan heztea (38), bizikidetza eta aniztasuna (15), garapenerako lankidetza eta nazioarteko elkartasuna (2) eta babesa eta segurtasuna (9).

Egitasmoa borobiltzeko, 2022ko martxoaren 17an eta 18an, Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen XV. Topaketa egingo da Gasteizko Europa Jauregian, Hiri hezitzailea sendotu izenburupean.

"Hezkuntza eskaintza honen bidez zenbait balio sustatu nahi ditugu, esaterako bizi kalitatea, gizalegea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, emakumeen eta gizonen berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, partaidetza, erantzukizuna, elkartasuna, iraungarritasuna eta beste", adierazi du Cantok.

Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak koordinatutako programa hau posible izan da Udalaren 23 sail eta zerbitzuren planifikazio bateratuari eta hiriko beste entitate zein elkarte batzuen laguntzari esker.

Izena emateko epea

  • Irailaren 9tik aurrera: arreta eta sostengu behar handiagoa duten ikastetxeei erraztasunak emango zaizkie programan parte hartzeko. Hamaika Esku programan eta Magnet proiektua gauzatzen duten ikastetxeek izango dute lehentasuna.
  • Irailaren 14tik 20ra: epe orokorra.
  • Irailaren 20tik 24ra: ikastetxeetatik ez doazen taldeak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago