Atxilotu bat bikotekideari eraso egiteagatik eta beste bat denda batean ukituak egiteagatik

Erredakzioa 2021ko ira. 3a, 13:25

Gasteizko Udaltzaingoak beste bi gizon atxilotu ditu azken orduetan, indarkeria matxistarekin lotutako gertakariengatik. Bikotekidearen aurkako eraso baten eta sexu abusuen delituaren ustezko egileak dira, hurrenez hurren.

Ostegun honetan, udaltzainek 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuten bere bikotekidearen aurkako eraso delituaren ustezko egilea izateagatik. Gertaerak bezperako goizaldean izan ziren, Santa Luzia auzoko bide publikoan. Erasoa ikusi zuen pertsona bat biktimari laguntzen saiatu zen, eta erasotzaileak hura ere kolpatu zuen. Jarraian, handik ihes egin zuen.

Udaltzaingoaren patruila batek ospitalera lagundu zion biktimari, lesioak sendatzeko. Horren ostean, zegokion salaketa jarri zuen. Agenteek emakumea bere etxera eraman zutenean, ustezko erasotzailea bertan topatu eta atxilotu egin zuten. Ostiralean jarri dute epailearen esku.

Ukituak Zaramagako saltoki batean

Bestalde, Udaltzaingoak 25 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo, sexu abusuen delitu baten ustezko egilea izateagatik. Gertaerak 19:30ak aldera izan ziren, Zaramaga kaleko merkataritza gune bateko saltoki batean. Bezero batek jasandako ustezko erasoa zela eta, Poliziaren laguntza eskatu zuten.

Saltokira heltzean, udaltzainek segurtasun zaindaria, gizonezko bat eta bi emakumezko (lokaleko langile bat eta bezero bat) topatu zituzten. Pertsona horien lekukotzen arabera, bezeroa arropak begiratzen ari zen bitartean, gizonezkoak ukituak egin zizkion ipurmasailetan. Egindakoagatik kargu hartu zionean, gizonezkoa alde egiten saiatu eta borrokan hasi zen biktimarekin, hark atxiki egin nahi baitzuen; une horretan saltzailearen laguntza jaso zuen.

Horren aurrean, saltokiko zaindariak gaztea atxiki zuen Polizia bitartean. Alderdien bertsioak entzun eta borrokaren eraginez biktimak sorbaldan zuen lesioa ikusi ostean, udaltzainek gizonezkoa atxilotu egin zuten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago