Urriaren 4ra bitartean egongo da zabalik Mazoka Marrazki Azokan izena emateko epea. Iazko edizioaren arrakasta ikusita, eta mugarik ez duen formatu bat denez, oraingoan ere, 40 artisten erakusleiho birtuala eta online denden plataforma izango da azoka.
Sortzaileengan jarriko du bereziki arreta: beraien ibilbidea sustatuko du eta erabiltzen dituzten teknikak, estiloak eta proiektu aniztasuna erakutsiko ditu. Mazokalari izateko nahiz ikasleentzako IV. Bekikasle bekan parte hartu ahal izateko www.mazoka.org atarian topatuko duten inprimakia bete behar da, eta parte hartzeko arauak onartu. Urriaren 21ean ezagutaraziko da epaimahaiaren erabakia.
Hautatutako egileek era guztietako lanak egin ahalko dituzte: nola jatorrizko ilustrazioak hala kopiak, teknika eta estilo guztietakoak: zeramikak, elastikoak, koadernoak, poltsak, zapiak, pinak, adabakiak, eranskailuak, katiluak, agendak eta bestelako produktu asko.
Galeria bat lan guztiekin
Azaroaren 26tik abenduaren 26ra, 40 ilustratzaileen lanaren eta produktuen galeria oso bat eskainiko dute azokaren webgunean. Marketplace plataformatik mazokalarien dendetara birbideratuko da, eta han ilustrazioak erosi ahal izango dira.
Horrez gain, abenduan, Gasteizen, aurrez aurreko hainbat jarduera egingo dira, hala nola, erakusketa bat Montehermoso Kulturunean edo Mazokako egileen II. katalogoaren argitalpena.