Lastozko etxeen boomaren ostean, nekazaritzaren hondakin hori artelan bihurtzeko saiakera egin dute Mendozako nekazariek, eta traktore batean bikote bat irudikatu dute, lastozko fardelak eta bestelako apaingarriak erabiliz. XIII. mendeko dorrearen ondoan kokatu dute artelana, eta benetan ikusgarria eta ederra geratu da asmakizuna. Lastoa gizakiak antzinatik estalpeak egiteko erabili duen material bat da, baina gaur egungo nekazaritza industrializatuan hondakin antzua bilakatu da eta oso irteera zaila dauka. Araban, urtean, 180.000 tona lasto ateratzen da zerealetik, eta lastoa erretzea debekatu zenetik, ehunka fardel geratzen dira herrialdeko soroetan erabili gabe.