Korterraza Txikik umeentzako bederatzi film labur eskainiko ditu ostegunean

Erredakzioa 2021ko ira. 1a, 10:50

Korterraza Txiki proiekzioaren iazko irudia. / Argazkia: PLAY GASTEIZ

Ostegun honetan, Korterraza Txiki saioak itxiko du Gasteiz, zinema hiria programaren bigarren edizioa. Dibertsioa, balioak eta kalitate teknikoa uztartzen dituzten animaziozko bederatzi film labur proiektatuko dira Zumaia plazan, 21:00etan.

Gasteiz, zinema hiria aire zabaleko zinema programaren bigarren edizioa ostegun honetan amaituko da, irailaren 2an, zortzigarren eta azken proiekzioarekin: Korterraza Txiki, haur eta familiei zuzendutako film laburren saioa, Korterraza jaialdiaren osagarri. 21:00etan izango da, Lakua auzoko Zumaia plazan, eta sarrera librea izango da, edukiera bete arte; euria egingo badu, saioaren data aldatuko dute antolatzaileek.

Mundu osoko eskola zein ekoiztetxeen eskutik iritsitako animaziozko bederatzi film laburrez osatutako eskaintza izango da ostegunekoa. Joan den urtean, eskuragarri zeuden 205 aulkiak bete ziren, eta aurreko edizioetan beti agortu egin dira gonbidapenak. "Dibertsioa, balioak eta kalitate teknikoa uztartzen dituzten bederatzi film labur" direla azpimarratu dute.

Horien artean, uztailaren 9an Korterraza Gasteizko 12. edizioan banatutako Korterraza Txiki Sariak irabazi dituzten bi lanak daude: Trésor eta Migrants, zazpi irakaslek osatutako epaimahaiak aukeratuta.

Alexandre Manzanaresek zuzendutako Trésor filmak hondoratutako itsasontzi bateko brankako maskaroiaz maitemindutako olagarro baten istorioa kontatzen du. Migrants filmak, gai sozialagoekin, hartz arre artean bizitzen amaitzen duten bi hartz polarren gorabeherak jarraitzen ditu.

Horrez gain, beste hainbat film labur ikusteko aukera egongo da: Carlos Gomezen Vuela, Goya 2021 sarietarako izendatua; Me, a Monster?, Espainiako eta nazioarteko hainbat jaialditan aukeratua; eta ESMA animazio eskola frantseseko hiru film labur, Liyoki, Sauve qui pneu eta Kid cat, besteak beste.

Gasteiz, zinema hiria

Uztaileko azken asteburuan abiatutako Gasteiz, zinema hiria programaren bigarren edizioak 1.200 pertsona inguru bildu ditu, Korterraza Txiki saioa zenbatu gabe. Jarduera honek zortzi proiekzio antolatu ditu Arabako hiriburuan zehar, publiko guztiei zuzendutako programazio batekin.

Udan zehar, besteak beste, Lur eta Amets, Dios mío, ¿pero qué hemos hecho... ahora?, Airbag, Hasta que la boda nos separe, Jumanji: siguiente nivel, La princesa prometida, Padre no hay más que uno 2 filmak eskaini ditu programak.

Play Gasteiz egitasmoak eta Gasteizko Udalak elkarlanean antolatutako programazioa Korterraza Txiki saioak itxiko du ostegun honetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago