Orbain Kultur Elkarteak jarduera berreskuratu du bere seigarren urteurrena ospatzeko

Erredakzioa 2021ko abu. 31a, 13:30

Orbain Kultur Elkarteko kideak, Navarro Villoslada kaleko lokalean. / ALEA

Sei urteko ibilbidea ospatuz, ikasturte berriari ekin dio Orbain Kultur Elkarteak. Horretarako, bost kontzertu, lau liburu aurkezpen eta argazki erakusketa bat antolatu ditu irailean zehar.

2016an jaio zen Orbain Kultur Elkartea, punk-rockaren ondare kultural, politiko eta soziala bizirik mantentzeko helburuarekin. Sei urte igaro dira jada, azken urte eta erdian pandemiak bere jarduera erabat baldintzatu duen arren. Covid-19ari aurre egiteko neurriak mugatuta bada ere, urteurrena ospatzeko ordua iritsi da. Eta The culture is dead! (Kultura hilda dago!) lelopean egingo dute.

Iraileko asteburuetarako ostiral eta larunbatetan, hamar jarduera antolatu ditu Orbain Kultur Elkarteak, Errota auzoko Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian duen espazioan: bost kontzertu hamar talderen eskutik, streaming bidez ere jarraitu ahal izango diren lau liburu aurkezpen, eta argazki erakusketa bat.

Ekitaldi guztiak 19:00etatik 22:00etara bitartean izango dira, baina edukiera %50ekoa izango denez hau da, 23 pertsona eserita—, bi emanaldi egingo dira: lehenengoa 19:30ean hasiko da, eta bigarrena 20:30ean. Hala ere, sarrerak ez dira aldez aurretik salduko, eta soilik leihatilan eskuratu ahal izango dira, edukiera bete arte.

Egitaraua

  • Irailak 3, ostirala: Leire Zabaletaren Doppelganger erakusketaren berrinaugurazioa. Izan ere, iaz inauguratu eta egun gutxira, Orbainek bere ateak itxi behar izan zituen.
  • Irailak 10, ostirala: La Rekba punk-rock talde donostiarraren kontzertua.
  • Irailak 11, larunbata: Patxi Irurtzunen Cucherías Herodes liburuaren aurkezpena. Ondoren, Old Tower Stuffeko Ruforen pintxada.
  • Irailak 17, ostirala: Joxe Lacalleren Si te mandan una carta liburuaren aurkezpena. Horrekin batera, argazki antimilitaristen erakusketa.
  • Irailak 18, larunbata: Cerveza Suicida (punk-rock Gasteiz) eta Urkabe (punk-rock-metal Nafarroa) taldeen kontzertua; azken horiek Bizirik edo ez diskoa aurkeztuko dute.
  • Irailak 24, ostirala: Marta Fontana 'Martillo'-ren La casa de Verges (bere debuta misterioaren generoan) eta Ivan Hernandez 'Doc Arritmia'-ren Desafecto (bere aitaren istorioa Gerra Zibilean borrokan) liburuen aurkezpenak.
  • Irailak 25, larunbata: Zero punk-rock talde gasteiztarraren kontzertua; Txerra Bolinagaren (RIP) proiektua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago