55 urte baino gehiagoko gasteiztarrei zuzendutako irteerak bi denboralditan banatzen ditu Udalak: alde batetik, udaberrikoa, ekaina eta uztaila bitartean; bestetik, udazkenekoa, iraila eta urria bitartean. Pandemiaren unerik txarrenak atzean utzita, udazkeneko kanpainak ohiko erritmoa berreskuratuko du aurten, eta Gasteizko udalerritik kanpoko irteerak ere egingo dira, berriro Arabako paisaiarik ederrenetara hurbiltzeko; hori bai, ibilaldietan Covid-19ari aurre egiteko neurriak bete beharko dira une oro.
Irteerak asteartero eta ostegunero izango dira —ostegunetakoek gaitasun fisiko txikiagoa eskatuko dute—, irailaren 7tik urriaren 7ra arte. Gehienez ere 100 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Ibilbideak zirkularrak edo linealak izango dira, 8 eta 12 kilometro artekoak.
Garraio zerbitzua jardueraren barne dago, eta Gasteizko hainbat geltokitik irtengo da: Iparralde gizarte etxetik, Judimendiko gizarte etxetik eta Gasteiz hiribideko 15. zenbakitik (Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean); 8:30ean irten eta 14:00ak aldera itzuliko da.
Izen-emateak
Gizarte etxeetan zein Udalaren kirol instalazioen sarean dago izena emateko aukera, irteera bakoitzaren bezperako 13:00ak arte. Izena ematen duten parte-hartzaileei fitxa bat banatuko zaie, ibilbidea, beharrezko materiala eta Covid-19aren aurrean indarrean dauden prebentzio neurriak azaltzeko.
Udalaren kirol instalazioetako bazkideentzat 2,5 eurokoa izango da prezioa, eta 4 eurokoa bazkide ez direnentzat. Informazio guztia Udalaren webguneko atal berezi batean eskegi du Udalak.