Ornitologiari buruzko sarrera ikastaroa izango da, hau da, hegaztien zientziari buruzkoa, animalia horiei buruzko alderdi garrantzitsu guztiak ezagutarazteko. Gasteizko Udalarekin lankidetzan, Trebiñuko Fauneando proiektuko Andoni Llosak modu hurbil eta dibulgatzaile batean eskainiko du ikastaroa; "baina zorroztasun zientifikoa alde batera utzi gabe", azpimarratu du.
Ikastaroaren xedea hegaztiekiko interesa sustatzea eta bultzatzea da. Gisa honetako saio asko egin dituzte, baina oraingo honetan euskara hutsean egingo du aurreneko aldiz: "Kultura ornitologikoa gure egunerokotasunean errotzeko oinarri sendoak ezartzen saiatuko gara", dio Llosak.
Zortzi saio egingo dituzte urriaren 14tik abenduaren 2ra bitartean, ostegunero 19:00etatik 20:30era Salburuko gizarte etxean. Ikastaroan landuko diren gaiak, besteak beste, hegaztien oinarrizko ezaugarriak, herri-kultura, Zozoak beleari ipurbeltz, hirietako hegaztiak, basoetako hegaztiak, hegazti harrapariak, eremu zabaletako hegaztiak, hegaztien mehatxuak, kontserbazioa eta herritarren zientzia izango dira.
Nola eman izena?
Matrikulatzeko hainbat aukera daude. Alde batetik, ez-abonatuek 32,88 euro ordaindu beharko dituzte (60 urtetik gorakoek 23,40 euro); bestetik, abonatuek 19,68 euro ordaindu beharko dituzte (60 urtetik gorakoek 14,04 euro).
Ikastaroaren kodea 07010 da, eta Gasteizko Udalaren ikastaroetan matrikulatzeko ohiko bideak erabiliz eman daiteke izena.