Afganistango errefuxiatuak hartzeko bere burua eskaini du Gasteizek

Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 12:40

Ebakuazio operazioa Kabulgo aireportuan, Afganistanen. / @DefensaGOB

Udal talde politiko guztiek erakunde adierazpena onartu dute, Eusko Jaurlaritzari zein Espainiako Gobernuari eskatuz Afganistango errefuxiatuak hartzeko. Horretan laguntzeko "prestasun osoa" agertu du Gasteizek.

Gasteizko Udaleko talde politikoek ostegun honetan sinatutako adierazpenean, bi eskaera plazaratu ditu udalbatzak: alde batetik, Eusko Jaurlaritzak dituen baliabide propioetako plazak eskaintzea Espainiako Gobernuari, nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonentzat; bestetik, Espainiako Gobernuak nazioarteko babesa eskatzen dutenei harrera egiteko dituen plaza libreak erabiltzea.

Horretarako, Udalak "konpromiso eta prestasun osoa" adierazi du pertsona horiek Gasteizen hartzen laguntzeko, errefuxiatuen egoerari erantzuteko Erakundearteko Mahai Sozialaren bidez parte hartzen duen koordinazio sistemaren barruan.

Halaber, Eusko Jaurlaritzak 2018. urtetik bultzatutako SHARE proposamena Europako agendan jartzeko eskatu du Udalak. "Bizi dugun migrazio erronkaren aurrean, erantzunkidetasun printzipioa aplikatzera eta islatzera bideratutako proposamena. Erantzunkidetasun printzipioa aplikatzeak erantzuna partekatzea esan nahi du, gizarte inklusiboak eraikitzera bideratutako konpromiso arduratsuaren bidezkoa", adierazi dute talde politiko guztiek.

Gasteiz, hiri solidarioa

Nazioarteko babesa behar duten pertsonak sartzeko legezko bideak areagotzea eta dibertsifikatzea "premiazkoa" dela ohartarazi du Gasteizko Udalak, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die Babes Komunitarioa bezalako programak sustatzen jarraitzeko; programa horrek errefuxiatuen harreran eta integrazioan zuzenean parte hartzeko aukera ematen die herritarrei.

Bestalde, EAEn bizi diren 45 afganiarrekiko elkarrizketa indartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, senitartekoen datuak jaso ahal izateko eta familiak berriz elkartzeko. "Afganistango emakume eta kolektibo ahulenek giza eskubideen arloan izan dezaketen atzerakadari arreta berezia eskaintzeko eskatzen dugu, harrera erraztuz, hala eskatuz gero", azpimarratu dute.

"Gainean dugun krisi humanitarioaren aurrean, Afganistango egoerak larriagotua, inoiz baino premiazkoagoa da migrazio-fluxuak humanizatzea eta igarobide seguruak ahalbidetzea. Horretarako, korridore humanitarioak eskatzen ditugu, iheslari guztientzat ibilbide seguruak bermatzeko, jazarpenaren, gerraren edo giza eskubideen beste edozein urraketaren ondorioz beren herrialdeak utzi behar dituzten kasuetan", gaineratu dute erakunde adierazpenean.

Horrenbestez, Gasteiz Errefuxiatuekiko Hiri Solidario izendatzea berretsi egin dute, "gure udalerriaren ekintza gidatzen duten balioak defendatzeko konpromisoaren erakusgarri".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago