Hiru gizon atxilotu dituzte Pilarreko taberna batean haxixarekin trafikatzeagatik

Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 11:00

Argazkia: forochumajek.es

Udaltzaingoak 49, 37 eta 31 urteko hiru gizonezko atxilotu ditu Gasteizko Pilar auzoko taberna batean, droga trafikoaren delituaren ustezko egileak izateagatik.

Ekainaren amaieran, hainbat auzokidek Pilarreko taberna baten funtzionatzeko modu arraroari buruzko eta tokian izan zitekeen droga salmentari buruzko informazioa eman zioten Udaltzaingoari. Orduan hasi zen operatiboa, eta, azkenik, ostegun honetako 19:00ak aldera esku hartu du Udaltzaingoak, establezimenduko hiru arduradunak atxilotuz osasun publikoaren delituaren ustezko egile gisa.

Udaltzaingoak ohar batean azaldu duenez, pertsona bat geldiarazi ostean egiaztatu zuen droga salmenta. Pertsona horrek Poliziari onartu zion tabernako zerbitzari batek —lehendik ere arrazoi berberagatik Poliziak identifikatutakoa— haxix kopuru jakin bat saldu ziola. Errepikatutako jarduera antzeman zuten udaltzainek, eta, ondorioz, etengabeko zaintza ezarri zuten.

Horrela, Poliziak egiaztatu zuen drogaren salmenta prozesua zerbitzariak egindako telefono dei baten ostean hasten zela. Udaltzaingoaren oharraren arabera, minutu batzuk geroago, bi pertsona iristen ziren, elkarrekin edo segundo batzuetako aldearekin. "Tabernara joaten ziren eta erosleak eskatutako haxix kopurua saltzen zien zerbitzariak. Droga banatu ostean, establezimendutik irteten ziren, lehenengo eroslea, eta geroago saltzaileak", azaldu dute.

Gainera, udaltzainak tabernara bertaratu zirenean, bertan kontsumitzea ezinezkoa zela egiaztatu zuten, bertako garbitasun egoera ikusita. Hortaz, drogaren salmenta helburu bakarra zela ondorioztatu zuten.

Atxilotutako hiru lagunak gaur pasatuko dira epailearen eskutik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago