Korterraza Artiumera itzuliko da gaur, pandemiak azken bi edizioetan ohiko egoitza aldatzera behartu ostean. Gasteizko aire zabaleko Film Laburren Jaialdiak Sentsibiliza izeneko sentsibilizazio saioa egingo du ostegun honetan, abuztuaren 26an, 21:15etik aurrera, zentro-museoaren barneko plazan.
Oraingoan, edukiera murriztuarekin eta azpiegitura sinpleago batekin, Korterrazak gai sozialei buruzko hamar film labur interesgarri eskainiko ditu. Sarrera librea izango da edukiera bete arte, eta proiekzioak Kelerren eta Artiumen babes berezia izango du.
"Ilusioa egiten digu Artiumera itzultzeak", azaldu du Kultura Kalean elkarte antolatzaileko Xabi Vitoriak. "Gure etxea izan da edizio askotan, eta azken bi udatan pandemia egoeragatik aldatu behar izan dugu. Hala ere, bi edizio handi egin ditugu, iaz Iparraldeko Parkeko frontoian eta aurten Iradier Arenan".
Hautaketa sendoa
Sentsibiliza saio berezi honek gai sozialei buruzko hamar film labur sarituez osatutako programa proposatuko dio publikoari:
- 17 Santi 17, Segismundo Monso eta Alvaro E. Olaiz. Tokiko merkataritzaren galeraren inguruko hausnarketa.
- Nacer, Roberto Valle. Seme-alaben gaia lantzen du, beste haur baten iritsiera aztertuz.
- Nuestros hijos, Cecilia Gessa. Seme-alaben gaia lantzen du, nerabeekiko harremanetik.
- Loss ratio, Fran Moraga. Ludopatia eta apustuak ditu ardatz.
- Una de superhéroes, Chon Lopez Soriano, eta Mi primera opción, Carlota Callen. Beren nortasuna aldarrikatzen duten hiru emakume.
- Teslimat, Dogus Ozokutan. Pertsonen trafikoaren dramari heltzen dio, istorio gogor baina zirraragarri batekin.
- Canibalismo, Diego R. Aballe. Muturreraino eramandako xenofobia eta arrazakeria ditu ardatz.
- Dos mundos, Ivan Fernandez de Cordoba. Gaurkotasunari buruzko hausnarketa, bi familiaren errealitatea kontrajarriz: bata, mendebaldeko herrialde batean bizimodu erosoa duena, eta, bestea, gerra baten erdian harrapatuta dagoena.
- Roberto, Carmen Cordoba Gonzalez. Gizartean nagusi diren eta arazo larriak sor ditzaketen edertasun-kanonei buruzko begirada zorrotz eta zirraragarria.
"Oso hautaketa indartsua da. Hamar film laburrak mundu osoko hainbat jaialditan aukeratu eta saritu dituzte. Publikoak kalitate handiko lanak aurkituko ditu, oso gai interesgarriak eta gaurkotasun handikoak jorratzen dituztenak", azaldu dute Kultura Kalean Elkartetik.
Sentsibiliza Saria
Proiekzioaren ostean, publikoak bere botoekin aukeratuko du Sentsibiliza Saria. Sari hori uztailaren 9an Iradier Arenan banatutakoei gehituko zaie:
- Ascenso, Juanjo Gimenez: Alex Angulo - El Correo 75. urteurrena Saria.
- La colcha y la madre, David Perez Sañudo: Keler Saria.
- Hold for applause, Gerald B. Fillmore: Komedia Onenari Grupo Eleyco Saria.
- Trésor eta Migrants: Korterraza Txiki sariak.
- Friendzone, Sergio de Miguel, eta Hold for applause, Gerald B. Fillmore: Publikoaren Laboral Kutxa Sariak.
- Kirolak, Ibon Landa: Bertako Igogailuak-Euskera Saria.
Korterraza Txiki
Bestalde, datorren astean, Korterraza Gasteiz jaialdiaren 12. edizioari amaiera emango dio Korterraza Txiki saioak. Irailaren 2an, ostegunean, 21:00etatik aurrera, Lakuako Zumaia plazan izango da haurrei eta familiei zuzendutako proiekzioa. Bertan, mundo osotik iritsitako animaziozko bederatzi film labur aurkeztuko dira.
Kasu honetan ere, sarrera librea izango da edukiera bete arte.