Telebista eta liburuen bitartez sarritan azalerazten bada ere, kriminologia zientzia ezezaguna da, eta gaiaren bueltan mito baino errealitate gehiago sortzen dira gehienetan. Mito horiek apurtu eta gizarteari diziplina hori hurbiltzeko asmoz, aurten ere horri buruzko ikastaroa antolatu du Gasteizko Udalak.
Aurtengo nobedadea da, ordea, aurrenekoz ikastaro hori euskaraz eskainiko dutela. Urritik aurrera izango da, Euskrim elkarteko kide Irune Gonzalez Zabaleta kriminologoaren gidaritzapean. Ikastaroa hamabost saiotan emango dute, Aldabe gizarte etxean, urriaren 18tik abenduaren 15era.
Zibersegurtasuna, portaeraren azterketa taldekako delituetan, krimen matxistak edota serieko hiltzaileak izango dira jorratuko diren gaietako batzuk.
"Kriminologia ez da CSI, eta ikastaroak zientzia hau ezagutzeko aukera ematen digu", aurreratu dute ikastaroa aurkezteko programan.
Irailean, Arabako ALEAk Irune Gonzalez Zabaletari egindako elkarrizketa argitaratuko du, zientzia horren gaineko ezagutza zabaltzeko eta kriminologoen lanaren nondik norakoak ezagutzeko.