Aurten ere txosnak izango ditu Gasteizek. Ez modu fisikoan, noski. Baina hainbat talde biltzen dituen guneak urtez urte hiriko paisaian izan duen eragina ez da deusean geratuko.
Hala, goizean, Etxauri plazan 'Gasteizko Txosnak 40 urte' izeneko erakusketa paratu dute, eragin horren lagin batzuk argazkitan islatuta. Burulleria plazan antolatutako herri azoka eta Martin Tippia plazan bereziki umeei zuzendutako margoketak eta ipuinak osatuko dute goiza.
Eguerdirako prestatuta zegoen herri bazkaria debekatu du Udalak, txosnen harridurarako. "Bizi dugun egoeraren aurrean hiriko herri mugimenduak dagokigun arduraz antolatu dugu egitaraua; hala ere gure praktikak osasunaren aitzakiapean berriro ere oztopatu nahi dituzte", arbuiatu dute.
18:30an Artiumetik abiatuko den manifestazio bati amaiera emango diete gaurko ekitaldi bereziei.
Eguna baliatuko dute ere iazko eta aurtengo Txosnisariak emateko. 2020. urtekoa pentsionisten mugimenduari emango diote, "azken urteetan lehen frontean kalean aktiboen egon den kolektiboa" dela iritzita. Aurtengoa, berriz, ostalarientzat izango da, "instituzioen arduragabekeriaren ondorioen aurrean antolatzen eta kalea hartzen" jakin dutelako.
"Gure lehentasuna, une honetan, krisi egoera honi modu kolektiboan aurre egitea da", nabarmendu dute, agiri batean. "Izan ere, guztion osasuna eta zaintza ezinbestekotzat ditugu. Kontziente gara: aurtengo Gasteizko Jaiek ere beste forma bat hartu beharko dute. Baina horrek ez du esan nahi besoak gurutzaturik ezer egin gabe geratuko garenik".