Indarkeria matxista deitoratu dute Gasteizen

Erredakzioa 2021ko abu. 5a, 09:49

Azken erasoak salatzeko elkarretaratzea egin zuten. E28 KOORDINADORA

E28 Gasteizko koordinakundeak eta Mugimendu Feministak salatu dute gizartearen "antolaketa sexista" dagoela arazoaren oinarrian. 

Azken egunotan Araban eta, oro har, Euskal Herrian gertatu diren indarkeria matxistaren kasuak deitoratu zituzten atzo Gasteizen, hainbat kolektibok deitutako elkarretaratze batean. 

Festarako eguna izan ohi zena salaketa eguna bilakatu zen atzokoa. Izan ere, azken orduetan hainbat eraso matxista izan dira lurraldean. Joan den asteburuan Ekoran emakume bat artatu behar izan zuten, bikotekideak egindako tratu txarren ondorioz izandako zauri fisiko eta psikologikoez. Senarra atxilotu zuen Ertzaintzak. Gauza bera egin zuten Gasteizko udaltzainek gizonezko batekin, bikotekideak erasoa salatu ostean. Azkenean, astelehenean beste eraso baten berri egon zen, emakume transexual batek bortxatua izan zela salatu baitzuen.    

"Indarkeria matxistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala dela argi dugu, ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak", azpimarratu dute elkarretaratzean. Erantsi dutenez, gizartearen "antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabilera" dago arazoaren abiapuntuan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago