Abetxukon igande gauean izandako eraso transfobo berri bat salatu du Ikusgunek. Erakundeak "babes osoa" helarazi dio erasoa jasan duen trans emakumeari, eta "biktimaren esanetara" dagoela erantsi du.
Behatokiak duen erregistroaren arabera, maiatzetik hona dagoeneko hamabost dira LGTBI+ kolektiboaren askatasunaren aurka izan diren gertakariak. Iaz denbora tarte berdinean jasotakoekin alderatuz, intzidentzia horiek handitu egin direla nabarmendu dute: 2020an bederatzi izan ziren.
"Datuak ikusita, argi dago trans kolektiboaren aurkako etsaitasuna dela, hain zuzen ere, azken hilabeteetan gehien handitu dena", deitoratu du Ikusgunek.
Erantsi dutenez, "inoiz baino beharrezkoagoa da erasoaren ataria diren diskurtsoekin amaitzeko indarrak biderkatzea". Behatokiak nabarmendu du "gorroto diskurtso eta erasoen atzean kolektibo oso bati zuzentzen zaion mezu bat ezkutatzen dela, eta honek jendarte osoa interpelatzen duela".
Genero identitate edota sexu orientazioagatik egon daitezkeen erasoei adi egoteko deia egin dute, eta gogorarazi dute 633 309 653 telefonoa edo www.ikusgune.eus webgunean edozein eraso LGTBI+fobikoren inguruko informazioa jasoko dutela.