Nieves Quintana

"Gasteizko herrien nortasuna galtzeko arriskua ikusten dugu"

Mirian Biteri 2021ko abu. 15a, 10:00

Nieves Quintana, astelehenean, Elorriagan.

Herriak "barrurantz" hazi eta indarrean dauden araudiek "malgutasun gehiago" izan behar dutela uste du Gasteizko Kontzejuen Elkarteko presidente Nieves Quintanak.

Bi urte daramatza Nieves Quintanak (Done Bikendi Harana, 1965) Gasteizko Kontzejuen Elkarteko presidente karguan, Gasteizko Nekazaritza Eremuko zinegotzi Miren Fernandez de Landaren ordez. Datozen lerroetan, Gasteizko udalerriko herrien errealitateaz, bertako administrazio batzarrek partekatzen dituzten gaiez edo indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak zein koronabirusak eragindako arazoez hitz egingo du.

Zer da GKE-ACOVI?

Gasteizko Kontzejuen elkartea da. Gasteizko udalerriak 63 herri ditu, eta horiek guztiak daude sartuta elkartean; 61 administrazio batzarretan ordezkatuta daude, Artatza, Lermanda eta Mandojanak administrazio batzar bakarra osatzen dutelako. Gaur egun, 1.400 lagun inguru ordezkatzen ditu. 1995. urtean sortu zen elkartea, kontzejuen eskubideen eta interesen defentsan eta ordezkaritzan jarduteko. Hain zuzen ere, harremanak izateko eta administrazioari eskaerak taldean egiteko eratu zen, eta baita administrazio batzarren lana errazteko, paperak izapidetzeari dagokionez. Horretarako, jendearentzako arreta-bulego bat dugu Elorriagan; bertan dugu Sonia Fonseca teknikaria, aholkuak ematen eta kudeaketa administratiboan laguntzen.

Zer egiten du Arabako Mendialdeko Done Bikendi Haranan jaiotako nekazari batek Gasteizko Kontzejuen Elkarteko buru?

Orain dela 28 urte Otazuko mutil batekin hasi nintzen. Ordura arte, beti esaten nuen ez nintzela nekazaria izan behar, etxeko ogibidea hori zelako. Baina, egia esan, gustuko dut lurrarekin tratu zuzena izatea. Otazura iristean, ustiategiaren buru bihurtu nintzen. Gogoan dut oraindik nekazariekin izandako lehenengo bilera: ehun bat gizonen artean emakume bakarra. Hasieran, batzar horietan, zuhurra izaten zara, baina, egoerari aurre egin eta parte hartu behar duzula konturatzen zara. Txarto pasatzen duzu, baina, aldi berean, ikasi egiten duzu. Emakume borrokalaria naiz, ahultzen ez zaituenak indartu egiten zaituelako. Gerora, Otazuko administrazio batzarrean sartu nintzen, eta 2007 eta 2011 urteen artean UAGA sindikatuko exekutibako kide ere izan nintzen. 2017. urtean, Otazuko administrazio batzarreko presidente hautatu ninduten, eta baita Gasteizko Kontzejuen Elkarteko bokala ere. Bi urte beranduago, 2019ko hauteskundeetan, elkarteko orduko presidente Miren Fernandez de Landa Gasteizko Nekazaritza Eremuko zinegotzi izendatu zuten, eta ni presidente ordea nintzenez, elkarteko buru izatera pasa nintzen. 

Zer paper betetzen dute emakumeek herrietan?

Gaur egun, 61 administrazio batzarretatik 12 emakumeak gidatuta daude. Lana egon arren oraindik ere, aurrera goaz.

Gero eta emakume gehiago daude udalerriko administrazio batzarretan sartuta; gaur egun, 61 administrazio batzarretatik 12 emakumeak gidatuta daude. Lana egon arren oraindik ere, aurrera goaz. Kontuan izan 2013. urtera arte, Gasteizko kontzeju batean ez zela emakumerik izan; urte horretako hauteskundeetan ausartu izan zuen emakume bat aurkeztu zen. Emakumeen alde egiteko, elkarteak berak izan du Emacovi izeneko emakume talde bat martxan; egun dagoen problematika aztertzeaz gain, esperientziak trukatzeko eta gure artean lotura sortzeko balio izan duena. Orain, koronabirusagatik, geldi dago taldea.

Interes komuneko zer gai partekatzen dituzte herriek?

Garrantzitsuena, azpiegiturena da: gure azpiegiturak, zerbitzuak eta bideak hobetzea. Gasteizko aurrekontuei begira, Udalean ordezkatuta dauden talde politikoekin elkartzen gara eta beharrezkotzat jotzen ditugun eskaerak tramitatzen ditugu, horietan sar ditzaten eskatzeko. Horien eztabaidetan, jendeak hiriburuaz bakarrik pentsatzen du eta ahaztu egiten ditu hiriburuko ingurunea eta lehen sektorea mantentzen duten 63 herriak. Bestalde, gizarte, kultura eta kirol ekitaldiak ere koordinatzen ditugu. Garrantzitsua da herriek bizia izatea, eta bertan bizi den jendeak hirira joan beharrik ez izatea; eta horregatik esfortzu berezia egin dugu horrelako jarduerak antolatzen.

Arazo zehatzak dituzten herrien eskaerak ere elkartetik bideratzen dira?

Bai. Adibidez, Forondako airoportutik gertu dauden herriek arazoak dituzte zuntz optikoarekin eta elkartetik goaz Diputazioarekin egiten diren bileretara. Horrez gain, herrietako gizarte zentroak egiteko edo birgaitzeko tramitazioaz ere arduratzen gara, gerora, bertan askotariko ekitaldiak egin ahal izateko. Orain, Zeriokoa dugu esku artean; udaberrirako prest egotea espero dugu.

Herrien biziraupenarekin kezkatuta zaude? 

Hainbat herritan ez da nekazaririk eta abeltzainik geratzen; Mendiolan, esaterako, 2020. urtean erretiratu da azkena.

Herrien biziraupena baino, horien nortasuna galtzeko arriskua ikusten dugu. Indarrean dagoen plan orokorrari esker, azken urteotan urbanizazio masiboak egin dira, eta gure herriek hain hazkunde handia izan ez dezaten eskatu diogu Udalari; eta onartu egin dute eskaera. Hiria eta herriak barrurantz haztea nahi dugu, eta azken horietan erabiltzen ez diren etxeak edo pabiloiak aprobetxatu ahal izatea, birgaitzeko eta bizilagunen seme-alabek aukera izan dezaten. Era berean, egungo plan orokorrak bideraezina egiten du nekazaritza eta abeltzaintza-jardueretan aritzea, eta hortaz, araudietan malgutasun handiagoa izatea ere eskatzen dugu. Hainbat herritan ez da nekazaririk eta abeltzainik geratzen; Mendiolan, esaterako, 2020. urtean erretiratu da azkena. Zentzu horretan, funtsezkoa da elkarteak egiten duen lana, arazo hori guztia Udalari helarazten diogulako; administrazioa ohartarazten dugu egiten ari den politiken ondorioez.

Udalean garatzen ari diren plan orokorraren diseinuan parte hartzen ari zarete?

Elkarteko batzordeak bilerak egin ditu zirriborroa aztertzeko eta ondo dagoenari eta ez dagoenari buruzko ekarpenak egiteko. Eta harreman zuzena dugu bai Udalarekin eta baita kontzejuekin ere. Are gehiago, pandemia lehertu zenean, elkartearen egoitzan aurkeztekoa zen araudia. Bestalde, Aldundia kezkatuta dago lurraldeko despopulazioarekin, eta gaia aztertzeko bilera horietako batean, metxatu horri nola egin nahi zaion aurre planteatu nuen. Gaur egun, lehen sektorea kriminalizatzen da. Bada jendea herrietara etortzen dena eta hiri bihurtu nahi dituena. Eta horrek kezkatzen gaitu. Otazun, esaterako, 40 biztanle gara eta horietako bost baino ez gara nekazariak. Elkarbizitza-arazoak daude, traktorea pasatzea gustuko ez duen jendea dagoelako. Ondo landu beharreko gaia da.

Gasteiztarra sentitzen zara? Hiriko eta herrietako errealitateak erabat ezberdinak direlako...

Parte sentitzen zara badakizulako bere Udalekoa zarela. Baina, aldi berean, ez zara parte sentitzen ez dituzulako zerbitzu berdinak. Hiria da begietako neskatila; hori da errealitatea. Horregatik, aurrekontuak egiterako orduan, borrokan ibili behar gara hor gaudela gogorarazten. Orain, zorte handia dugu, Gasteizko Nekazaritza Eremuko zinegotzi Miren Fernandez de Landak 18 urte jardun duelako aurretik Gasteizko Kontzejuen Elkarteko presidente gisa. Horrek asko errazten du guztia. Baina, hala eta guztiz ere, erne egon behar dugu; baina, ez gaitzatela inoiz moteldu. Gasteizko herritarrak gara eta jabe gara ez ditugula hiritarrek dituzten zerbitzu berdinak. Esate baterako, gure garraio publikoa, aurretik eskatu beharreko taxi zerbitzu bat da. 

Administrazioen babesa duzuela uste duzue?

Babestuta sentitzen gara, baina  etengabe gogorarazi behar diegu nor zaren, zergatik zauden hor eta eskubidea duzula, gutaz asko ahazten direlako.

Babestuta sentitzen gara, baina lehen esan bezala,  etengabe gogorarazi behar diegu nor zaren, zergatik zauden hor eta eskubidea duzula, gutaz asko ahazten direlako. Baina, uste dut lotura bat sortu dugula, elkartuta eta eskutik helduta goazelako gure interes eta eskubideen defentsan.

Koronabirusaz hitz egingo dugu jarraian. Zer nolako eragina dute konfinamendu perimetralek Gasteizko herrietan?

Uste baino eragin handiagoa du. Azaroko lehen konfinamendu perimetrala astakeria bat izan zen. Erabat gainezka egin zigun. Oinezkoen eta bizikleten jendetzari, ibilgailuena gehitu zitzaion.

Hiritik herrietara doazenen errespetu falta hori, baina, lehenagotik zegoen, ezta?

Bai. Pandemia hasi denetik gizalegearen kontrako jarrerak ugaritu egin dira gure herrietan. Guk, berez, nahiko ondo bizi izan dugu egoera, herri batean bizitzeak pribilegio batzuk dituelako; baina jendearen inbasio hori izugarria izan da. Gasteiztik irten eta gainerakoa legerik gabeko hiria dela pentsatzen dute askok. Eta horrek asko gogaitzen nau. Maiatzetik uda bitartean, esaterako, arazo asko izan genituen ureztatzeko putzuekin, debekatuta egon arren jendea bertan bainatzen zelako. Horrez gain, mendietan ere elkartzen ziren botiloia egiteko, eta familia osoak landatutako lurretan sartzen ziren askariak egitera eta kanpatzera. Udazkenean, gogoan ditut Otobarren edo Monasterioguren bezalako herriak jendez gainezka. Asteburu batean, Uribarri-DibiÒara joan ginen uzta biltzeko makinarekin, eta ohiko bideak txarto aparkatutako ibilgailuz beteta zeudenez, lursail-bide batetik joan ginen; eta txirrindulari batek errieta egin zigun nekazaritzako ibilgailuek lehentasuna duten bide batean. Gerora, urte berriarekin, elurra heldu zen, eta berdin. Nekazari batek 300 lagun inguru zenbatu zituen landatu berri zuen lur batean.

Jarrera horiek eragindako kalteak zenbatu barik egongo dira...

Arazoa Gasteiztik haratago doanez, Arabako Kontzejuen Elkartekoekin batzartzen hasi gara, denon artean irtenbide bat bilatzeko.

Hala da. Oraindik ez dakigu uzta aterako den edo ez. Jendearen sen txar horrek kezkatzen gaitu; baina gogoeta egin dezatela eta gure egoeran jar daitezela eskatu nahi diet. Gu, bitartean, neurriak hartzen hasi gara. Udaltzaingoari eta Ertzaintzari askotan deitu diogu, baina ezin dira sarbide guztietan egon. Bestalde, arazoa Gasteiztik haratago doanez, Arabako Kontzejuen Elkartekoekin batzartzen hasi gara, denon artean irtenbide bat bilatzeko.

Egunen batean Gasteizko herriak normaltasunera itzuliko diren itxaropenez?

Alde batetik, espero dut egunen batean gaur egungo egoera atzean utzi ahal izatea, bestela jai dugu. Pozten naiz jendea Gasteizko herriak ezagutzen ari delako, eta oraindik ere ezagutzen jarraitzea nahi dut. Baina erabilera ona eginez. Bestalde, ohiko bizimodura itzultzen garen egunean, jendea pandemiaren aurretik antolatzen ziren azoketara joan ahal izango da berriro ere, urtegira eta hondartzara, eta baita eskiatzera ere. Beti egongo dira, gizalegearen kontrako jarrerak, baina dena normalizatuko da. Beste kontu bat da zelan geratuko garen guztiok maila ekonomikoan eta emozionalean; beti egongo da lehenaldi eta geroaldi bat. Azkenik, pozten naiz jende asko animatu delako herrietan bizitzera, baina beti ere herri horien bizitza errespetatzen badu. Eta, nekazari eta abeltzain gisa, herriak ezagutzen dituen eta jarduera ekonomiko bat sor dezakeen jendearengan pentsatzen dut. Eta ez bakarrik Gasteizen, baita Araban ere. Horretarako, oso garrantzitsua da tokiko eta gertuko produktuaren garrantziaz jabetzea. Pandemiak aukera eman digu egin dugunaz eta nahi dugunaz hausnartzeko, bai maila partikularrean bai instituzionalean. Krisi guztietatik ikasten da, eta zerbait positiboa ateratzen jakin behar dugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago