1986 urte berezia izan zen. Euskal Herri osoan pil-pilean zegoen punk mugimendua, eta Arabako hiriburua ez zegoen eztanda kontrakulturalaren eraginetik kanpo. Are gehiago, Euskal Rock Erradikalaren fenomenoaren barruan, talde ospetsuenetako batzuk arabarren lurraldean sortu ziren: La Polla Records, Hertzainak, Cicatriz, Potato eta antzeko talde ugariri esker, nazioarteko erreferentzia bilakatuko zen punk eszena indartsua gorpuzten ari zen Gasteizen.
Bitartean, Alde Zaharreko tabernetan eta 1983an sortutako Hala Bedi irrati librearen inguruan, punkaren eskutik hegan egingo zuen gazte mugimendu autonomoa forma hartzen ari zen.
Arabako hiriburua ez zegoen eztanda kontrakulturalaren eraginetik kanpo
Frankismotik demokraziara egindako trantsizioak ez zuen asetu 60. eta 70. hamarkadetako baby boomean jaiotako gazte uholdearen askatasun nahia. 1976ko Martxoaren 3ko kanpai hotsen oihartzunarekin oraindik, orduan haur txikiak zirenak ziurgabetasunez beteriko helduarora iristen ari ziren: zaharregiak haurrak izateko, gazteegiak helduak izateko. Hori gutxi balitz, 80. hamarkadan abiatutako industria-birmoldaketa prozesuak eta krisi ekonomikoak gogor kolpatu zituen gazte horiek. No future. Etorkizunik ez.
Gatazka politiko eta armatuari dagokionez, une latzak bizi ziren ere. ETAren ekintza armatuak bata bestearen atzetik iristen dira 80. hamarkadaren hasieratik. Eta, 1986an, Ipar Euskal Herrian bizi diren errefuxiatuen kontrako GALen gerra zikinak bere helburu nagusia lortu zuen: uztailetik aurrera, Frantziako eta Espainiako Gobernuek terrorismoaren aurkako lankidetza indartuko dute, estradizioei bidea irekitzeko.
Istiluen arteko jaiak
Testuinguru etsigarri horretan, 1986ko abuztuaren hasieran, hondamendiak eztanda egin zuen Gasteizko jaietan, Jakue Pascual soziologoak 2015. urtean argitaratutako Movimiento de Resistencia. Años 80 en Euskal Herria: contexto, crisis y punk liburuan gogoratu zuen bezala.
Arabako hiriburuko ospakizunetan, Hala Bedik antolatutako III. Jai Alternatiboen barruko ekitaldiak abuztuaren 3an, igandean, hasi ziren, jaiak ofizialki hasi eta Zeledonen jaitsiera baino egun bat lehenago. "Peleoiaren erorketa eta pregoiaren irakurketa" izan zen abiapuntua; gaztelaniaz, Caída del peleón y lectura del pregón.
Hurrengo egunean, San Keremos, animoak berotzen hasi ziren, norbaitek meza nagusiaren bitartean suziri bat bota zuelako; une horretan, Andre Maria Zuriaren plazako San Migel eliza agintariz beteta zegoen. Gauean, kontzertu sorta paregabea zegoen antolatuta txosna alternatiboen esparruan, La Polla Records, Skatalà eta Cannabis taldeen eskutik. Garai hartan, txosnak Katedral Berriaren aurrean kokatuta zeuden.
Gobernu Zibilaren aurretik igarotzean, gazteen eta poliziaren arteko lehen liskarrak gertatu ziren
Andre Maria Zuriaren eguna, abuztuaren 5a, Ateo Eguna bihurtu zen, eta Garrafoien Prozesioak desfilatu zuen, ohiko Farolen Prozesioaren erreplika parodikoa.
Hilaren 6an, Amnistiaren Aldeko Eguna zen, eta Hala Bedi irratiak Amnistiaren Aldeko Batzordeek deitutako manifestazioa babestu zuen. 4.000 pertsonako martxa bat atera zen gaueko hamabietan txosnetatik, estradizioak bertan behera uzteko aldarrikatuz; izan ere, urte horretako uztailetik, terrorismoaren aurkako lankidetza hispano-frantsesa abian jarri zen. Manifestazioa Gobernu Zibilaren aurretik igarotzean, gazteen eta poliziaren arteko lehen liskarrak gertatu ziren, zenbait taldek erdialdeko banketxe eta kafetegiak erasotzen zituzten bitartean; istiluak hiriko hainbat tokitara zabaldu ziren.
Natxo Cicatriz oholtza gainean
Liskarrak gorabehera, goizaldeko hirurak aldera, Hala Bedik antolatutako jaialdi bat hasi zen, Kortatu, Korroskada eta Cicatriz taldeekin; azken hori Inadaptados disko mitikoa aurkezten ari zen uda hartan.
Ordubete beranduago, tiro hotsak eta metraileten tiro-segidaren bat entzun ziren hiriaren erdigunetik, talde batzuek Eusko Legebiltzarrera sartzeko atea eraisten saiatzen ziren bitartean; horretarako, zoladuratik erauzitako seinaleak erabiltzen ari ziren. Ertzaintzak uxatu egin zituen, gomazko pilotak leihoetatik jaurtitzen.
Natxo Cicatrizek bere burua defendatzera animatu zuen jendea, oholtza gainetik
Handik gutxira, Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko –Beltzak– zenbait talde kontzertuen esparrura sartu eta oldartzen hasi ziren, izu uneak sortuz. Jaialdian zeuden dozenaka gaztek ertzainak jazarri eta uxatu zituzten. Kontzertua, bitartean, ez zen bertan behera geratu.
Hori gutxi balitz, Polizia Nazionala agertu zen orduan, eta jai esparrua ke-potoekin erasotu zuen, bertaratuak agertokiaren inguruan babestera behartuz. Oholtza gainean, berriz, Natxo Cicatrizek bere burua defendatzera animatu zuen jendea, eta taldeak jotzen jarraitu zuen, pilotakadak saihestuz.
Istiluak gau osoan zehar luzatu ziren, eta goizeko zortziak aldera amaitu ziren, ehun bat zaurituko balantzearekin.
Blusak eta punkiak, aurrez aurre
Polemika piztuta, Jose Angel Cuerda alkate jeltzaleak jaiak ezegonkortzea leporatu zien kanpotarrei, eta blusa kuadrilla tradizionalenek bere diskurtsoa babestu zuten.
Ondoren, istilu gehiago iritsi ziren. Hilaren 8an, Udaltzaingoak benetako sua erabiliz aurre egin zion zezenketen aurkako manifestazio bati. Blusa talde batzuek barrikadak kendu zituzten Polizia Nazionala igaro zedin, eta punk gazte batzuei eraso egin zieten.
Hala Bedik "parapolizialtzat" jo zuen gertakari hori, baina liskarrak saihesteko borondatea agertu zuen, jai alternatiboen programarekin jarraitzeko.
Ehun bat blusa manifestazioaren aurka oldartu ziren, makilaz armaturik
Hilaren 9an, jaien azken egunean, "talde armatuarekin kolaboratzeagatik" kartzelan zegoen Pelayo Hala Bediko kideari eskaini zioten. Hamabietan beste manifestazio bat atera zen txosnetatik, eta 500 bat lagun Gobernu Zibilaren parera iristean, berriz ere liskarrak izan ziren poliziarekin. Orduan, blusek kordoi bat osatu zuten poliziaren eta manifestarien artean; Alicia Izaguirre Gobernadore Zibilak berak bat egin zuen blusen ekimenarekin. "Oso gauza antolatua zen, eta oldarkortasun izugarria zuen", adierazi zuen El Pais egunkarian.
Beranduago, ehun bat blusa manifestazioaren aurka oldartu ziren, makilaz armaturik; ekintza horrek borroka nahasi bat eragin zuen, eta, horren ondorioz, aurkako eta aldeko blusa taldeen arteko liskarrak gertatu ziren.
Istiluak luzatu egin ziren, baita Tijuana in Blue, Sukarra eta Anti-Regimen taldeak eskaintzen ari ziren kontzertuan ere; azkenean, jai alternatiboen aurkako blusak txosnen esparrutik kanporatu zituzten arte.
Prentsaren jomugan
Polemikak jaien ostean jarraitu zuen, eta, besteak beste, Egin eta El Pais egunkarien orrialdeetara iritsi zen.
Egin egunkarian, blusen "instrumentalizazio parapoliziala" salatu zuen Hala Bedik, eta baita komunikabideen "diskurtso xenofoboa" ere; izan ere, herritarrak "punkien aurka" lerrokatzen saiatzea leporatu zien hedabideei.
Bestalde, 1986ko jaietako jarraipen zabala topatu dezakegu El Pais egunkariaren hemerotekan. Prisa taldeko hedabideak honako lerroburuarekin deskribatu zituen Amnistiaren Aldeko Eguneko istiluak: "Manifestari taldeek eraikin ofizialetan eta banketxeetan kalte handiak eragin zituzten Gasteizen".
Jose Angel Cuerda alkatearen ustez, "manifestari gehienak punkiak" ziren
Garai hartako hainbat bitxikeri gordetzen dituen albistean, gainera, xehetasun gehiago ematen ditu El Paisek: "Zazpi orduz, Espainiako poliziari egindako euskal erbesteratuen estradizioengatik protestan ari ziren manifestariak eta Polizia Nazionalaren zein Ertzaintzaren indarrak aurrez aurre jarri ziren hiriburuko erdigunean, istiluen aurkako material ugari, molotov koktelak eta harriak trukatuz".
Azkenik, abuztuaren 11ko edizioan, El Pais egunkariaren lerroburuak jaien amaierako balantzea egin zuen: "20 zauritu Gasteizen, poliziaren eta manifestarien arteko istilu berrietan". Jose Angel Cuerda alkatearen ustez, "manifestari gehienak punkiak" ziren, eta horien aurka oldartu ziren blusen lana "positiboa" izan zen: "Gasteizko herritar gehienek bakean bizi nahi dutela erakutsi zuen. Jendeak ulertu du nork eragin dituen istiluak, eta modu positiboan erreakzionatu du, horiek gaitzetsiz eta gai horretan esku hartzeko prest".