'Gu Kutxirekin', tabernari eta auzokideen arteko elkartasunaren bideoklipa

Erredakzioa 2021ko abu. 7a, 12:00

2021eko ezohiko Gabonen atarian, auzokide talde batek hiriko ostalariei elkartasuna eta bezeroei maitasuna adierazteko bideoklip hunkigarri bat sortu zuen, Kutxiko tabernariekin elkarlanean: Gu Kutxirekin.

Iragan martxoaren 13an Kutxiko tabernariek pertsianak jaitsi zituzten, ezjakintasunez beterik. Orduz geroztik, egoera gero eta zailagoa bilakatuz joan zen, Alde Zaharreko funtsezko kale horretan irudi mingarria utziz.

Bideokliparen sortzaileek azaldu zutenez, "galera handiko hilabeteak" izaten ari dira sektore osoarentzat: "Eusko Jaurlaritzaren aldetik gure jarduerarekiko mespretxua eta konponbide eza jasotzen dugun bitartean, gure bezero maiteen aldetik, aldiz, horrelako omenaldia. Eskerrik asko!", adierazi zuten Kutxiko ostalariek, bideoklipa zabaltzeko sare sozialetan zabaldutako mezuan.

Hain zuzen ere, horretarako sortu zuten abestia eta bideoa: bezeroek tabernariei omenaldi bat eskaintzeko, eta tabernariek bezeroei esker onak emateko.

EiTB Maratoiaren antzera, Bob Marleyren No woman, no cry abestian oinarrituta sortu zuten abestia, Ruben Sanchez eta Amaia Lasagaren ahotsekin. Bideoklipean, Alde Zaharreko tabernari enblematiko ugari agertzen ziren, ostalaritzak bizi duen une gogorrari aurpegia jarriz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago