Beñat Garaio

"Ezin duzu hizkuntza bat biziberritu ikuspegi monoglota batekin"

Ruben Sanchez Bakaikoa 2021ko abu. 7a, 10:00

Beñat Garaio, soziolinguista. Doktoretza amaitzen ari da orain. Etapa bat ere bai. Izan ere, besteak beste, Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituak ezagutzeko egitasmoa atzean utzi du.

Eztul erasoekin hasi du elkarrizketa Beñat Garaiok (Gasteiz, 1990); hala dabil duela urtebete Covida izan zuenez gero, usaimen eta dastamen gutxi izateaz gainera. Ekimentsu segitzen du, halere: hizkuntza gutxituen biziberritzea eta euren arteko lankidetza sustatzea du pasio.  

Soziolinguista zara. Noiz egin zizun 'klik' euskarak?

Magisteritzako azken urtea AEBetan egin nuen Idahon; hango ikastolan egin nituen praktikak, eta hango euskaldunek egiten zuten ahaleginarekin liluraturik, zerbait mugitu zitzaidan.

Etxean euskaraz egiten zenuten?

Bai, anaiak eta biok betidanik egin dugu euskaraz etxean bi gurasoekin; ama goierritarra dugu eta aita Urduñakoa, euskaldun berria. Ikasbidean, gelako zortzi bat lagunek ere euskaraz egin dugu haurtzarotik gaur arte.

Haurtzaindegian esaten zuten mutil hau bertsolaria izango da. Azkenean ia 26 urterekin hasi nintzen bertso eskolan.

Gurasoek euskaraz egiteaz gain, hizkuntza eta kulturaren aldeko jarrera transmititu zizueten? 

Bai, bidaiak Euskal Herrian zehar, euskararen aldeko festak, mendi taldea... Ama Goierrikoa izanda, bagenuen harremana euskaraz bizi zen eskualde batekin. Guretzat oso indartsua izaten zen, esango nuke 12 urtera arte goierritarrez egiten genuela anaiak eta biok, gero ama batuan hasi zen, eta geu ere bai. Orain herrira joatean saiatzen gara goierritarrez, eta esaten digute "nabaritzen zaizue ez zaretela hemengoak". Amak ikastolan bertso eskola bultzatu zuen anaia eta biok apuntatu gintezen, eta esan genion "ama, bertsoak ke rollo!", eta ez ginen apuntatu. Min hartuko zuen; badago bideo bat nirea, lau urterekin, Manex anaia bazkaltzen eta ni Txoriak eta txoriburuak doinuarekin bertso bat kantatzen, oso txarra, baina bertso bat zen. Haurtzaindegian esaten zuten mutil hau bertsolaria izango da. Azkenean ia 26 urterekin hasi nintzen bertso eskolan.

Soziolinguistika Klusterrean ikerlari hasi zara. 

Gasteizko Udalean Adinekoen Erorketak Ekiditeko Programaren arduraduna izan nintzen bost urtez: goizez ariketa fisikoak egin eta arratsaldez hitzaldiak. Lan finkoa zen eta maite nuen, baina hizkuntza gutxituak eta soziolinguistika areago maite nituen, eta utzi nuen. Ingurukoek zorotzat hartu ninduten. Geroztik, sei urte eder baino oso prekario joan dira, eta orain lortu dut lan hau. Klusterra 2004an sortu zen; erakunde autonomo bat da, euskararen biziberritzearen ikergune nagusia, bokazio independentea eta nazionala du. Bederatzi langile gara guztira, ni gipuzkoarra ez den lehena, bueno, Iñaki Martinez de Luna izan da alma materretako bat, eta arabarra da.

Udaleko lana uztean zer egin zenuen?

Udalean lanean aritu bitartean, soziolinguistikan hainbat lan egiten hasia nintzen, haietako bat gatazka politikoak euskaran izandako eraginaren azterketa. Abiapuntua PPren espainolismo linguistikoaren gaineko lan bat izan zen, asko gozatu nuena. Gero, euskal gatazkaren harira, aztertu nahi izan nituen euskararen gaineko ideologia linguistikoak, eta Eusko Ikaskuntzak urtebeteko lana eskaini zidan E5 izeneko proiektu mamitsu batean: Euskararen etorkizuneko eszenarioak elkarrekin eraikitzen. Euskalgintza apalaldi batean zegoela eta, helburua zen diagnostiko baikor bat eginez nolako euskararen komunitatea nahiko genukeen irudikatzea.

Azken urteetan ekimen askoren atzean ibili zara, besteak beste, Hitz Adina Mintzo programarekin. 

Londresen, Hizkuntza gutxituen biziberritzearen masterra egiten ari nintzela, Oihanederrekoek esan zidaten hizkuntza gutxituekin zerbait egin nahi zutela. Sei ikasturtetan 42 hitzaldi izan ditugu, 43 hizkuntza ezberdin eta 60 hizlari; hizkuntza gutxituen egoera Gasteizera eta Euskal Herrira hurbiltzeko asmoz. Familia eta egoera ezberdinetako hizkuntzak izan dira. Euskal Herriko beste hizkuntza gutxituak sartzeari garrantzi berezia eman diogu: erromintxela, gaskoiera, zeinu hizkuntza, eta Anhitzak-en bidez, azken urtetan iritsitakoak. Harritzen nau Euskal Herrian gure beste hizkuntzekiko hainbesteko indiferentzia izateak.

Eta Udalari proposatu zenion Gasteizko hizkuntzen mapa egitea. 

Bai, azkenean ez genuen osatu, baina Anhitzak behintzat sortu zen, eta 2016an zurekin batera dinamizatzen aritu nintzen. Esperientzia bikaina.

Euskarak rol zentrala izan behar du, nazionala, kohesionatzailea, baina besteak ere gureak dira.

Zer potentzialitate ditu hizkuntz komunitateen arteko harremanak?

Ezin duzu hizkuntza bat biziberritu hizkuntzak zapaltzen dituen ideologia berdinarekin, ikuspegi monoglota batekin, "nazio bat=hizkuntza bat" horrekin. Euskal Herria lehen ere anitza zen eta orain are anitzagoa, gakoa da hori nola saretzen dugun. Hizkuntzen biziberritzea errazago egingo dugu indarrak baturik. Bestalde, elkarbizitza eta kohesio aldetik ere hori da egokiena, ezta? Proiektu komun bat eraikitzea, non denok maitatuak eta baloratuak sentitzen garen, non hizkuntzak gure parte garrantzitsua diren. Ezin dugu sortu ikuspegi bat non esaten dugun "gaztelaniak, frantsesak eta beste hizkuntzek espazioa jaten digute, guk euskara bultzatu behar dugu soilik". Bultzatzeko hizkuntza gehiago daude, eta indar metaketa horietan irabaziko dugu, ez modu isolatuan. Euskarak rol zentrala izan behar du, nazionala, kohesionatzailea, baina besteak ere gureak dira.

Munduari gagozkiola, hizkuntza gutxituen artean zer botatzen duzu faltan?

Mundu mailan premia handia dago oraindik hizkuntza gutxituen arteko lankidetza eta konplizitatean, zorionez Garabidek edo Unesco katedrak lan handia egin badute ere. Londresera horregatik joan nintzen, ezagutu nahi nituen beste hizkuntza komunitate batzuetako ikerlari eta aktibistak; Hitz Adina Mintzo edo Higa ere lankidetzarako asmo berdinetik datoz.

Zer da Higa?

Hizkuntza gutxituetako hiztun gazteen topaketa, mundu mailako ekimen bat da.

Baina non jaio zen?

Gasteizen.

Gasteizen mundu mailako zerbait azkenean! 

Bai, bai, nik dakidala mundu mailan bakarra den ekimena da. Hitz Adina Mintzo bezalako ekimenik ere ez da egon mundu mailan inon. Cambridgen antzeko zerbait egin zuten, baina ez formatu bera, kanpoan jende asko txunditu da. "Guri bururatu ere ez zitzaigukeen egingo eta zuek arrakastaz eraman duzue aurrera. Zenbat urtez? Zenbat hizkuntza?". Eta berdin Higa-rekin, bi ekimen xume dira, baina oso potenteak. Ez dakit Gasteizen kontzientzia berezi bat dagoen, baina Gasteizen badago mugimendu bat eta Udaleko Euskara zerbitzuan ere badago jendea kontzientzia hori daukana, baliabideak jartzeko prest egon dena.

Higa-ra itzul gaitezen.

2011n egin zen lehen edizioa, ni AEBetan nengoen eta irakurri nuenean pentsatu: "Ostra, nik horretan parte hartu nahiko nuke!". 2018an, bigarren ediziorako, nirekin jarri ziren harremanetan Higa zuzentzeko: 35 hizkuntza komunitate ezberdinetako 70 gazte etorri ziren lau egunez. Goizez formakuntzak, arratsaldez ekitaldi kulturalak eta gauez parrandak, hiper motibatuta. 2020an bigarren edizio handiago bat egin behar genuen, ekimena babesteko erakunde gehiago sarturik... Pandemiagatik, azkenean, e-GA egingo dugu: lehiaketa bat bideratu dugu, non parte-hartzaileek beste hizkuntz komunitate bateko kide batekin hizkuntza biziberritzearen inguruko proiektu bat aurkeztu behar duten; modu horretan beti bilatu izan dugun saretzea bultzatu nahi dugu. Ekainaren 11n, topaketa bat prestatu dugu streaming bidez ere jarraitu ahalko dena: olerki emanaldia, Kike Amonarrizen hitzaldia, lehiaketaren sari banaketa, Ibil Bedi-ren kontzertua... Proiektu lehiaketaren ideia Euskarabenturatik dator.

Zure beste proiektu kuttunetako bat.

Sortzaileetako bat naiz bai. 2015ean Boiseko Jaialdiaren ostean egindako road-trip batean izan genuen ideia, oso kotxe bidaia luzeak egin behar izaten genituen kar, kar. Lehengoarekin lotuz, Euskarabenturak ere lotura handia du Gasteizekin, bederatzi sortzailetatik lau gasteiztarrak gara, lehen bilerak hemen egin ziren... Asko kostatu zitzaigun erakundeen babesa eta dirua lortzea, baina azkenean 2018an egin genuen lehen espedizioa: 100 gazte Euskal Herri osoan zehar oinez. Izugarria izan zen haietako askoren hizkuntz ohitura eta jarreretan zer eragin izan zuen ikustea, eta, oro har, espedizioan egon ginen guztiongan utzitako aztarna. 2018a ikaragarria izan zen, Higa ere orduan... Hunkitzen naiz oroitzean. Inpaktua sortzen ari zarela ikusten duzunean oso sentsazio polita da, maila pertsonalean kostu handia izan bazuen ere.

Klusterreko lana nola irudikatzen duzu? 

Oso gustura nago, nire ametsetako lana izateaz gain behar nuelako egonkortasun profesional eta ekonomikoa. Lanari dagokionez, oso proiektu interesgarriak daude, beraz, nire alderdi ekintzailea ere gauzatzea espero dut. Une honetan, besteak beste, BAT Soziolinguistika Aldizkarian ari naiz, Uemako udalerrietan umeen hizkuntza-ohiturak aztertzen eta Osakidetzako profesionalen artean euskara gehiago erabili dezaten lanean.

Eta aisialdian bertsotan.

Hiru ezezagunek hasi genuen bertso eskola Iñaki Viñasprerekin, lagun min egin eta konturatzerako kuadrilla artekoan kantatzen ari ginen finalerdietan. Whatsappeko mezuak bertsotan bidaltzen genizkion elkarri eta gustura elkartzen gara ahal dugunean. Katalunian bizi nintzenean ere glosa talde batean hasi nintzen, lagun pila bat egin nituen han eta sei plaza katalanez! Malerrekan bizitzen egon nintzenean ere berdin, lagun bikainak egin nituen. Asko eman dit bertsoak.

Katalunia eta Euskal Herria. Zer alde dago soziolinguistikatik begiratuta? 

Ezagutza eta erabileran aldea dago eta talde-aktibismo handia dute: adibidez, eskola publiko segregatu batean katalanez egiten duten familiak falta direla ohartu, eta bertan sartzen dira. Glosaren kasuan, Arabako bertsolaritza informala eta giro oso onekoa da, eta hangoa bi pausu harago doa, toki bat non katalanez gutxi jakinik ere ongi etorria zaren; oraintsu berreskuratzen ari dira, eskualdez eskualde bildu dituzte doinuak, eta Herrialde Katalanetan zehar ari dira saretzen. Horrez gain, kultur aukera oso zabala dute, ia dena dute katalanez eskura! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago