Florida, berrehun urteko birika

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute/PHOT.OK 2021ko abu. 9a, 10:50

Udalak programazio zabal batekin ospatu du Florida parkearen urteurrena. Hiriko bizitzari lotutako espazio berezia da; parkea letra larriz eta gasteiztarren oroitzapenak ondo gordetzen dituen gune berde aberatsa.

Hiria hegoalderantz zabaltzeko, Plaza Berriarekin batera, 1820an, Gasteizko udalbatzak Florida parkea egitea erabaki zuen, ordura arte zuten parkea itzaltsua, gaizki aireztatua eta hotza baitzen. Leku eguzkitsu batean parke modernoago bat nahi zuten, "gasteiztarrek atsegin hartzeko".

Berrehun urte joan dira erabaki hura hartu zutenetik. Alde zaharretik urrun eta eskura ez zegoen lur bat aukeratu zuten udal agintariek; eta bitxiena, lur horrek arazo handiak zituen, ortuez eta hainbat komentuz inguratua baitzegoen: Santa Klarakoa, Brigitena (ondoren Katedral Berria eraikiko zen tokian) eta San Antoniokoa. Hala ere, arazo horiek XIX. mendeko 50eko hamarkadaren erdialdean amaitu ziren, desamortizazioarekin batera Santa Klarako komentua eta lorategia erosi baitzituzten.

Lorategi botanikoa egin nahi zuten proiektuaren bultzatzaileek eta Europako parke handiak zituzten buruan. Juan de Velasco ingeniari militarrak diseinatu zuen egokitzapena. Udalak ere lorezain bat kontratatu zuen, eta Paristik 150 konifero, 213 zuhaitz hosto laukoak eta 1.600 zuhaixka baino gehiago ekarri zituzten. Zuhaitz autoktonoak eta landare exotikoak tartekatu zituzten. Halaber, beltxargak, indioilarrak eta urtxintxak eraman zituzten, eta errekatxoan amuarrainak, barboak, angulak eta karpak.

Denbora batez, gainera, Floridako aintzira txiki horiek arrain-haztegi bezala erabili zituzten, harik eta 1915ean, Olarizuko egunarekin batera, udalbatzak ia amuarrain guztiak jan zituen arte.

1915ean Floridako amuarrain ia guztiak jan zituen udalbatzak

Bi paisaia-eredu oso ondo uztartzen ditu Floridak: ingelesa oihanagoa da, leize- zuloak, urmaelak, eta ur-jauziak biltzen ditu; frantsesa, aldiz, erregularragoa da, klasikoagoa. Azken urteetan, gainera, hirugarren lorategi eredu bat sartu dute Floridan, ur gutxi behar duen sero-lorategi bat, belar usaintsuekin. Uraren Lorategi Sekretuak 3.000 metro karratu okupatzen ditu, eta 2006an inauguratu zuten.

Baina landareekin batera, Gasteizko bihotzeko birika den parkearen ezaugarri nagusietako bat inguratzen duten eraikinak dira. Parkeko lehen gonbidatuak lau estatua izan ziren, Errege Godoak. Ez dute esanahi berezirik eta kasualitate hutsagatik daude hor. Estatua horiek Madrilgo Real Antzokirako zizelkatu zituzten, baina 1821ean, Fernando VII.ak Udalari bidali zizkion, parkean jartzeko.

Eraikin esanguratsuak

Eraikinen artean lehenengoetako bat 1855ean inauguratu zuten Bigarren Graduko Institutua da, 70. hamarkadara arte funtzionatu zuena eta gerora Eusko Legebiltzarra bilakatu zena. Elementu garrantzitsu bat da, bestalde, musikaren kioskoa, parkearen epizentroa. 1890eko abuztuaren 2an inauguratu zen, Gasteizko Jaietan. Estilo modernista eta airosoa du eta Jacinto Arregi udal-arkitektoak diseinatu zuen.

Enblematikoa da ere Ignacio Aldekoa Kultur Etxea. Udalaren ekimenez sortu zen, arazo larria zutelako emandako dohaintzak eta legatuak gordetzeko. Horrenbestez, biblioteka handi bat sortzea erabaki zuten hemendik hara zihoazen legatu horiek sartzeko. Hamar urte kostatu zitzaien udal liburutegia eraikitzea. Udalaren ekimenez hasi zen, baina Hezkuntza eta Kultura Ministerioak amaitu zuen. Kultur Etxea 1976an ireki zuten, eta Jose Erbina eta Antonio Fernandez de Alba arkitektoen obra da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago