Kartagileak, emakumeen lana ikur bihurtua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 20a, 08:00

BiBat museoan dago emakume kartagileen memoria jasotzen duen erakusketa. E.U.

Emakume kartagileak. Memoria bizia erakusketa zabalik dago Bibat Museoan, Fournier enpresan 150 urtez lan egin zuten emakumezkoen inguruan. Aritza Saenz del Castillok egindako ikerketan oinarrituta dago, eta garai bateko industria eredu parternalistaren sinbolo bilakatu ziren kartagileak ekarri ditu gogora. 

Hiriko fabriketan XIX. mende amaieratik lan egin zuten emakumezkoen artean gasteiztartasunaren sinboloa bilakatu ziren Fournierreko kartagileak. Emakume langileen high-class edo aristokrazia moduko bat ordezkatu zuten beste sektoreetan lan egiten zuten emakumezkoen aurrean. Aritza Saenz del Castillo Velasco Historia Garaikidean doktore eta Emakume Kartagileak. Memoria bizia liburuaren egileak nabarmendu duenez, "lehen industrializazio horretan, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, emakumeak aurkitu ditzakegu hainbat fabrikatan lan egiten, zaku fabriketan, kandelak egiten, oihalgintzan, baina kartagileak izaera berezia zuten".

Apaizen eta militarren hiri horretan emakume gehienak etxeko andreak ziren, edo neskameak. Industrian, soilik %6k lan egiten zuten. Izan ere, garaiko moralaren kontrakoa zen emakumeak fabriketan jardutea; gizartean oso gaizki ikusia zegoen, eta gainera, lantegietan emakumezkoen presentzia mugatzeko legeria zorrotza zen. Testuinguru horretan, bere karta fabrikaren hastapenetan erabaki zuen Heraclio Fournierrek emakumeak kontratatzea. "Emakumeek gizonezkoek baino askoz gutxiago kobratzen zuten eta enpresaren errentagarritasunerako oso eskulan preziatua zen", nabarmendu du Saenz del Castillok. Halaber, "emakumeen dohainak" kontuan hartu zituen enpresariak erabakia hartzeko, oso zabaldua baitzegoen garai haietan "lan finak" egiteko, kartak manipulatzeko hain zuzen, gaitasun hobeak zituztela emakumezkoek gizonek baino.

Garaiko moralaren kontrakoa zen emakumeak lantegietan jardutea

Saenz del Castilloren liburuan bezala, Bibat museoan inauguratu berri duten kartagileen inguruko erakusketan ere jasotzen dutenez, toki nabarmena okupatu zuten Fournier fabrikan emakumezkoek, eta hasieratik gehiengoa izan ziren. Kartak inprimatu aurreko eta ondorengo lan guztiak zeuden haien ardurapean: papera hautatu, eta gainbegiratzea, kartak margotzea, bernizatzea eta ebakitzea, karta sortak berraztertzea, kutxatilak egitea eta paketatzea. 

Lehen hezkuntza bukatu ostean sartzen ziren fabrikara, 14 urterekin, eta ezkontzen zirenean gehienek lana uzten zuten, 25 edo 30 urterekin. Izan ere, enpresak pizgarri ekonomikoak ematen zizkien ezkontzen zirenean lana uzteko edo fabrikara ez itzultzeko lehen umea izaten zutenean.

"Ugazaba baino, aita"

Heraclio Fournierrek langileekiko zuen izaera paternalista eta "bere emakume langileen" moralitatearen zaintza eta kontrola ere enpresaren ikur bilakatu ziren. "Lantegian, sexuen arteko banaketa erabatekoaz gainera, kristautasuna sutsuki zabaltzen zuten". Hala, lanpostu bakoitzean, esate baterako, santuen irudiak zeuden, "langileen portaera gidatzeko".

Era berean, kontrol soziala eta erlijiosoa fabrikatik kanpo zabaltzen zuen Heraclio Fournierrek. Saenz del Castillok adibide bezala aipatu du nola XX. mendearen hasieran "gizon honek debekatzen zien emakume langileei Florida parkean egiten ziren dantzaldietara joatea. Gizon eta emakume gazteak toki berean egotea ez zegoen ondo ikusia eta".

Kartagileekiko "kezka" horrek eta haien bertutearen eta moraltasunaren kontrolak emakume errespetagarri eta prestigio handikoak bihurtu zituen hirian. XIX. mende amaieran, emakumeek etxetik kanpo egiten zuten lana gaizki ikusia bazegoen ere, eta oso modu berezian, lantegietan egiten zuten lana, kartagileen figura arazo handirik gabe onartu zen Gasteizen, eta Heraclio Fournierrekin batera hiriko nortasuna definitu zuen ikur bihurtu ziren.

Emakume langileen kontrol soziala fabrikatik kanpo zabaldu zuen Fournierrek

Hala, gasteiztartasuna ordezkatzen zuten erakundeen eta herritarren aldetik jaso zuten babesari esker, ekitaldi garrantzitsuenetan egotera ere gonbidatu zituzten Fournierreko kartagileak, beste lantegietako emakumeak ez bezala. "Alfontso XIII.ari, 1902an Gasteizera egindako bisitan, harrera egiteaz arduratu zen segizioan parte hartzera gonbidatu zituzten", aipatu du Saenz del Castillok. Fabrikako langile batek liburuan aitortzen duen moduan, "fabrika zaharra unibertso bat zen, bertan lan egitea pribilegioa. Kartagileek aitorpen handia zuten hiri osoan. Haietako batekin ligatzen zuena... kontuz!".

Lan baldintza hobeak, gatazka gutxiago

Heraclio Fournierrek eta haren ondorengo Felix Alfaro Fournierrek sustatu zuten "katolizismo sozialaren" ondorioz, oso lan-baldintza bereziak ezarri ziren fabrikan, Gasteizko beste gainerako enpresekin zerikusirik ez zutenak. Jornalari dagokionez, fabrikaren lehen hamarkadetan, emakumezko langileen soldata eguneko 0,50 eta 1,50 pezeta artekoa zen, Gasteizko industria-langileen batez bestekoa baino soldata handiagoa. Ordainsari horiei aparteko beste haborokin batzuk gehitzen zitzaizkien, hala nola Eguberrietakoa eta Bufanda izeneko ordainsaria, neguan kobratzen zena. Dena den, emakumezkoen soldatak oso onak izan arren, aldea nabarmena zen gizonezko lankideen soldatarekiko.

"Ikuspegi paternalista horrekin lotutako prestazio sozial ugari zeuden enpresaren barnean. Enpresako medikua izan zuten XX. mendetik hasieratik; halaber, erretirorako sistema bat ere izan zuen lehenetariko industria izan zen Fournier; eta zortzi ordutako lan jarduera ezarri zuen lehenengoetarikoa ere izan zen", azaldu du Saenz del Castillok.

Eredu horrek enpresaren barruan harreman bereziak sortu zituen, eta talde kohesioa areagotu zuen, fabrikaren barruan zein kanpoan.  Halaber, bertako langileak lan aldarrikapenetatik kanpo geratzea eragin zuen, eta lan gatazka gutxitan parte hartu zuten. Izan ere, emakume asko Fournier enpresan lan egiteaz harro sentitzen ziren, eta beste industria batzuetan lan egiten zuten emakumeak gutxiesten zituzten, Heraclio Fournierren egiten ziren lanak "hobeagoak zirelako", "garbiagoak". "Esmaltaciones San Ignacion lan egiten zuten emakumeei, adibidez, puchereras esaten zieten, esanahi negatiboarekin", azaldu du Saenz del Castillok.

Frankismotik eredu aldaketara

Fournierrek ordezkatzen zuen enpresa-eredu tradizional eta katoliko horrek luze iraun zuen, XX. mendeko lehen erdialdera arte bederen. Frankismoan, emakumeak esparru publikotik eta lan merkatutik baztertzeko saiakerek enpresaren beharrekin talka egin zuten arren, jabearen harremanak eta enpresaren ospe ona medio, 1940 eta 1950 urteen artean, esate baterako, ehun emakume baino gehiago kontratatu zituzten fabrika berrian lan egiteko.

Nolanahi ere, kontratazioak egiteko irizpideek agerian uzten dute emakumezko langileen inguruko ikuspegi paternalista hori. Hautagaiaren familiaren eta egoera ekonomikoarekin batera, emakumeen ezaugarri fisikoak kontuan hartzen zituzten: bista, ikusmen-zolitasuna, oroimena, gorpuzkera eta altuera. Gainera, horrelako azalpenak ere jasotzen dira: "Estilo ona, ahizpa baino bizkorragoa, hortz osasuntsuak, hortzeria bikaina, itxura bikaina, bizkorra eta prestua ematen du, ondo kontatzen du".

Alta, 60. hamarkadan, Gasteizko garapen industrialarekin batera, kartagileen eta gasteiztartasunaren harremana itzaltzen hasi zen. Hala, sexuaren araberako lan bereizketa hori apurka-apurka desagertzen joan zen, eta emakumeak bestelako lanak egiten hasi ziren: administrazioan, laborategi kimikoan, marrazketan eta baita makinista zereginetan ere.

80. hamarkadan, berriz, birmoldaketa industrialarekin, atzerriko kapitala sartu zen Fournierren, amerikarrak enpresako akzioak erosten hasi zirenean, eta gutxinaka-gutxinaka familia handiaren izaera hori desegiten hasi zen. Era berean, Heraclio Fournierren industria eredua eta frankismo garaian hirian zabaldu ziren enpresa mota horiek, emakumezkoen eskulanean oinarritutakoak, desagertu egin ziren, Areitio, Cartuchos Orbea…

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago