Hiru bazkidek osatzen dute Gasteizen sortu berri den Eraman kooperatiba: Paul Ianok, Tristan Epsteinek eta Juan Latorrek. Bizikleta bereziekin eramangarria den askotariko banaketak egiten badituzte ere, orain ostalaritzatik heldutako eskaeren gorakadari erantzuten diote bereziki.
Nola eragin dizue Jaurlaritzak tabernak eta jatetxeak ixteko emandako aginduak?
Oso bolumen handietara moldatu behar izan gara egun batetik bestera. Baina, negozioa ixtera derrigortuta daudenei laguntzeko gaude, eta lan asko eginda lortzen ari gara. Azken asteotan, nabarmen egin du gora kolaboratzen duten jatetxeen kopurua. Gurekin lan egiten duten jatetxeek historikoki ez dute janaria banatu, eta horrek beste asko animatzen ditu. Dagoeneko 15 jatetxetik gora ditugu, eta hortaz, gure jatetxeen plantilla bikoiztu egin behar izan dugu; egunero gabiltza jatetxe berriekin hizketan eta plataforman izena ematen. Pedalekin ez ezik, ordenagailu eta telefonoarekin ere lan asko egiten gabiltza. Egoera berrira moldatzeko prest gaude, baina oso aldakorra dago guztia, ez dakigu datorren hilabetean zer gertatuko den.
Dagoeneko 15 jatetxetik gora ditugu, eta hortaz, gure jatetxeen plantilla bikoiztu egin behar izan dugu.
Pandemia garaian sortutako enpresa bat da Eraman.
Bai. Aurretik bagenuen kooperatiba eredu bat martxan jartzeko asmoa, garraio-zerbitzu integralak zama-bizikletekin eramatekoa; baina, pandemiak bultzatuta lehenago jaio zen Eraman. Koronabirusak eragindako egoera ikusirik, argi zegoen proiektua abian jartzeko garaia zela, negozio eta komertzio gehiagori laguntzeko aukera izango genuelako. Martxoan hasi ginen mugitzen, eta maiatzean banaketak egiteari ekin genion. Konfinamendu gogorra amaitu berri zegoen orduan, baina oraindik ere ezjakintasuna zen nagusi eta egoera horretan hasi ginen zerbitzua eskaintzen.
Zergatik bizikletan?
Hiri barruan ez dugulako beste aukerarik ikusten gure lana aurrera eramateko, ez dugu motor edo auto baten aukerarik planteatzen. Jasangarritasunaren alde egiten dugu, bai ingurugiroarekiko eta baita pertsonekiko ere.
Azken horrek bereizten al ditu Eraman kooperatiba eta Glovo?
Bai. Argi dago Glovok ez duela karbono dioxidorik botatzen airera, baina jasangarritasuna hainbat alorretan eman behar da, ez bakarrik ingurugiroan. Lan baldintza egokiak izatea jasangarritasuna ere bada, eta guk eskaintzen dugun jasangarritasuna etikoa ere bada.
Goizaldetik eguerdira bitartean, prentsa eta aldizkariekin eta pakete-banaketarekin ari gara, eta ostean, ostalaritza eta bertako komertzioekin.
Banaketa zerbitzu integrala eskaintzen duzue.
Hala da. Bizikletan egin daitekeen edozein alorretan egiten dugu banaketa; egun osoan gabiltza gora eta behera. Goizaldetik eguerdira bitartean, prentsa eta aldizkariekin eta pakete-banaketarekin ari gara, eta ostean, ostalaritza eta bertako komertzioekin.
Banaketak baino lehen, baina, egongo da aurretiko lana bezeroak eskuratzeko. Zein da zuen lan egiteko modua?
Aurretiko lan hori bereziki komertzio eta jatetxeekin egiten dugu, beraiekin akordioetara iritsiz. Horrez gain, badaukagu gure plataforma propioa, www.eraman.coop izenekoa, partikularrek bere eskaerak bidali ditzaten. Prozesua ahalik eta gehien sinplifikatu dugu, horrelako zerbitzu bat probatu ez duten bezeroentzako erraza izan dadin.
Zein da bezeroaren gaur egungo perfila?
Komertzioaren araberakoa da. Ostalaritzarekin lotutakoei dagokionez, kanpoaldeko auzoetan asko gabiltza lan egiten. Erdialdean produktuak jasotzen ditugu eta Zabalgana, Salburua, Lakua-Arriaga eta inguruetara asko joaten gara. Bestetik, badauzkagu bezero asko nagusiak direnak eta horiei fruta etxera eraman behar diegu. Dena dela, kasu mota asko badaude ere, gehienak familia gazteak dira.
Pandemiaren ondorioz, ohiturak aldatzen ari direla esan dezakegu?
Bai, eta oso azkar gainera. Lehenagotik ere bazegoen jendea janaria etxera eramateko eskatzen zuena. Baina orain arte probatu ez duten asko animatzen hasi dira eta eskainitako zerbitzuarekin pozik daudenez, errepikatzen ari dira. Gu ere oso pozik gaude.
Gure artean geratzeko datorren lan egiteko modu bat da.
Ohitura aldaketa horrek geratzeko asmoa du?
Argi dago etorkizunean ez dela egunotako bolumena mantenduko, baina jendea ohitu egingo da, eta bai, gure artean geratzeko datorren lan egiteko modu bat da. Beste herrialde batzuetan guztiz egonkortuta dagoen zerbitzua da. Ni neu hainbat urtez egon naiz horrelako proiektuetan murgilduta Europako iparraldean, Danimarkan eta Alemanian. Bertan ikusi nuen hiriburu bakoitzean bazegoela kooperatiba eredu bat, komertzio eta jatetxeei eta erantzuna emateko. Aukera ezberdinak aztertu, eta gure proiektura hemengo lan baldintzak hobetzen zituen proposamena gehitu genion.
Hiru bazkidek osatu zenuten Eraman kooperatiba. Baina, dagoeneko lan egiteko lagun gehiago behar dituzue, ezta?
Bai. Lanez lepo gabiltza,eta jende gehiago bilatu behar izan dugu. Probetan gabiltza lagun horiek bazkide bilakatzeko. Gure ereduaren berezitasunetako bat da kooperatiba garela eta bazkideak izan behar dugula funtzionatu ahal izateko. Modu horretan, bermatzen dugu lan egiten duen bakoitzak bere lan baldintzen kontrola duela.