Aurten ere buruhandiek jai dute

Juanma Gallego 2021ko uzt. 29a, 10:00

Urtaranek eta Cantok aurkeztu zuten kanpaina, udaletxearen parean. GASTEIZKO UDALA

Gasteizko Udalak kontzientziazio kanpaina abiatu du, udan zehar birusaren transmisioa arrastoan sartu eta, aldi berean, kultur ekitaldiez gozatu daitekeela aldarrikatzeko. Buruhandiak lagun izango dituzte.

Agerikoa da aurtengo uda ere ez dela normala izango, eta jai gehienek beste urtebetez bederen itxaron beharko dutela. Horrek ez du esan nahi gauza askorekin gozatu ezin daitekeenik. Soul filma ikusi dutenek badakite zuhaitz batetik erortzen den hosto bat behatze soilarekin gozatu daitekeela bizitzaz. Edo aireak daraman poltsa baten mugimenduaz jabetzean, American beauty nahiago dutenentzat. Alboan jende zintzoa izatea izan ohi da gakoa.

Gasteizko Udalak ez du filmetara jo ideia hori jorratzeko, gertueneko pertsonaia batzuetara baizik: buruhandietara. Jaiei guztiz lotuta ageri ohi diren pertsonaia hauek aurten beste zereginetan jarri ditu Udalak: ikuskizun batez gozatzen, bidaian, igerilekuan edo taberna batean, esate baterako. Hots, udan ondo pasako dute, burua galdu gabe. Ideia hori azpimarratzeko kanpaina abiatu dute. Uztailaren 21ean aurkeztu zuten egitasmoa Gorka Urtaran alkateak eta Estibaliz Canto kultura zinegotziak. Esan zutenez, posible da udan ongi pasatzea eta, aldi berean, osasuna zaintzea.

Aurten, "inoiz baino gehiago, atseden hartu behar dugu, disfrutatu, dibertitu" azpimarratu zuen alkateak. Garai gogor baten ondoren, "indarrak berreskuratzeko" unea iritsi dela erantsi zuen, baina, hori egin behar da "zentzuz, zuhurtziaz eta buruz jokatuz". Horregatik, "jairik jai" joan beharrean, bestelako proposamenei tokia egiteko eskatu zuen. "Joango gara ostalaritza lokal batera, hondartzara edo igerilekura, edozein ekitaldi kulturalera; baina, beti ere, burua erabiliz, arriskutsuak diren egoerak ekiditeko eta gaixotasun honen transmisioa gelditzeko".

Cantok bide beretik jo zuen, eta azaldu zuen haren departamentuak "aire zabaleko kultur programa" antolatu duela, "beharrezko neurriak hartuta". Kultur jardueraren bat mantendu nahiko lukete, baina aurreratu dute birusaren intzidentzia datuek eta horien arabera ezarriko diren segurtasun arauek markatuko dutela agenda.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago