Leire Garai

"Ilusio handiarekin noa Ogetara neskekin jokatzera"

Mirian Biteri 2021ko abu. 1a, 08:00

Leire Garaik sei urte baino ez zituen esku-pilotan jolasten hasi zenean. Ordutik, hamaika norgehiagoka jokatu ditu. 

Zer da zuretzako Zaramaga Pilota Elkartea?

Familia bat bezala da. Azkenean, eskua luzatu didate beti, eta nire bigarren etxea izango balitz bezala hartzen dut. Egia esan, oso eskertuta nago ibilbidean zehar jaso izan dudan laguntza guztiagatik.

Ikasturtean zehar nolako da Leire Garairen egunerokotasuna?

Orain unibertsitatean sartu naiz, eta datorren ikasturtean goizak ikasten emango ditut; eskolak izango ditut 15:00ak arte. Bazkaldu, eta jarraian, takoak jarri eta entrenamendura joango naiz, 17:00etan hasiko da eta. Amaitutakoan, etxera itzuli, ikasten jarraitu eta ohera. Entrenamenduak astearte eta  ostegunetan izaten ditut, eta gainerakoetan gimnasiora joateko ohitura dut. Ostiraletan eta asteburuetan, berriz, partidak egoten dira.

"Ea apurka-apurka neskak animatzen diren eta maila ona hartzen duten; baina, gaur egun, oraindik ere mutilekin entrenatzen dut".

Araban bada zure adineko emakumezko pilotaririk entrenatzeko, edo mutilekin aritzen zara?

Badaude, baina txikiagoak dira. Zaramagan, esaterako, dozena bat neska txiki daude orain. Ea apurka-apurka neskak animatzen diren eta maila ona hartzen duten; baina, gaur egun, oraindik ere mutilekin entrenatzen dut.

Zein duzu gogokoago, banakakoan ala binakakoan lehiatzea?

Normalean, banakakoan. Akatsen bat egiten badut, niri bakarrik egiten dit kalte; binakakoan, berriz, bikotea dut ondoan, eta presio pixka bat gehiagorekin jokatzen dut. Azkenaldian, dena dela, gehiago ibili naiz binakakoan eta gutxinaka konfiantza hartzen ari naiz.

Eta zelan moldatzen zara hobeto pilota-goxuaz edo ukitze-pilotarekin?

Gogorrarekin. Nik uste dut mutilen ibilbide bera egin behar dugula eta gainera pilota gogorrarekin bizitasun gehiago ematen diozu jokoari. Erakargarria da ikusterakoan.

"Pilotarien betiko erronka da eskuak ondo zaintzearena. Gurean ohikoa eta garrantzitsua da masajistara joatea eta izotza jartzea".

Eskuak, dena dela, ondo zaindu beharko dituzu...

Bai. Azkenean, pilotarien betiko erronka da eskuak ondo zaintzearena. Oso garrantzitsua da egunerokoan ez despistatzea; esaterako, tako batean zerbait txarto egiten baduzu eskuko mina izango duzu gero. Gurean ohikoa eta garrantzitsua da masajistara joatea eta izotza jartzea.

Bestalde, Beti Jai pilotalekuak berriro inauguratzeko ekitaldien barruan, Emakumeen I. Masters Gasteiz pilota txapelketa antolatu dute. Pozik Ogetan jokatzeaz?

Oso. Ogetan jokatzea oso berezia da niretzako, asko gustatzen zaidan pilotaleku bat da. Txikitan asko jokatu izan dut bertan, eta gaur egun ere batzuetan horra noa nebarekin entrenatzera. Ilusio handiarekin noa neskekin jokatzera.

Esku-pilota eta palako pilota trinkoa modalitateetan hamasei pilotari arituko zarete. Zeu zara arabar bakarra, ezta?

Hala da. Esku-pilotan ukitu erdiko pilotaren norgehiagokak abuztuaren 5ean jokatuko dira; eta bi diziplinetako finalak abuztuaren 8an izango dira. Gogotsu nago, oso lehiakorra naiz. Nire helburua sentsazio onekin eta gozatzera ateratzea da, eta, ahal bada, txapela etxera eramatea.

Irabazten baduzu, pentsatuta duzu zer egingo duzun?

Oraindik ez, baina familiarekin ospatuko dut, asko laguntzen naute eta. Normalean, neba dut ondoan, botillero moduan. Badaki nolakoa naizen eta asko laguntzen nau.

"Niretzat profesionala izatea zure maila onenera iristea da, eta emakumezkoen pilotak oraindik denbora behar du maila horretara iristeko".

Txapelketaren aurkezpenean Arabako Pilota Federazioko Oinarri eta Antolaketa koordinatzaile Aitor Ruiz de Luzuriagak azpimarratu zuen "emakumea eskubidez dagokion tokia hartzen" ari dela pilotan. Sentsazio hori duzu zuk?

Hobetzen goaz pilotari moduan, eta gero eta jende gehiagok ikusten gaitu telebistan edo pilotalekuetan. Gainera, gero eta neska txiki gehiago animatzen ari dira pilotan jolasten eta hori oso pozgarria da emakumezko pilotarientzat.

Profesionala izatea duzu amets. Baina, oraindik ez dago emakumezko profesionalik...

Niretzat profesionala izatea zure maila onenera iristea da, eta emakumezkoen pilotak oraindik denbora behar du maila horretara iristeko. Goiz da, eta asko dugu hobetzeko. Maila askoz altuagora hel gaitezke, eta iristen garenean profesionalak izango garela uste dut. Denbora eta esfortzua behar da

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago