Ekaina arte sastraka artean gordeta zegoen lorategi hori, eta bisitaldia hantxe abiatzea proposatu du Ane Gebara (Gasteiz, 1988) ipuin kontalariak. Zaharraz Harro auzoko jaien ekimenez, auzolanean garbitu zuten Eskoriatza Eskibel jauregiko lorategia, eta berriz ere prest da harresiaren atzean ezkutatutako txokoa. Duela hiru urte, Gasteizko Udalak Kafe Antzokia han kokatzeko proposamena aurkeztu ostean, fuel-olio tanke batzuk aurkitu zituzten lorategian, eta ordutik egon da itxita. "Auzoak berreskuratzen duen leku batek magia izugarria duela iruditzen zait; auzoa batu egin da, erratzekin eta eskularruak jantzita, eta berriz ere erabilgarri dago".
Alde Zaharrean bizi izan da beti Gebara, eta Gasteizen bisitaldi gidatu bat antolatu beharko balu, ez du zalantzarik: Alde Zaharrean izango da. "Izugarri gustatzen zait hemen dagoen herri giroa, osatu diren sareak, auzokideak ezagutzea; etxean sentitzen naiz". Auzoko jaien barruan, halaber, edadetuekin paseo bat emateko ekimena antolatu dute, eta bere etxea berriz deskubritzeko tartea izan du. "Komertzioak edota kaleko bizitza nola aldatu den ezagutu dugu aiton-amonen eskutik, eta luxu bat izan da, gehiagotan egin beharko genuke". Kontu kontari dabilenarentzat, gainera, hamaika istoriotarako inspirazio iturri ere bada auzoa. "Aniztasun honek, sentsazio guzti horiek, argazki hauek... edozein ipuin edo antzerkirako ideia aberatsa dira". Kalean aktibatzen da Gebara, eta horregatik konfirnamendu garaia ez da emankorra izan harentzat. "Sortzerako garaian ez dit lagundu itxialdiak, oso frustrantea izan da. Askoz ere blokeatuago nago etxean". Kittorik ez lana prestatzen harrapatu zuen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. "Elkarrekin egotearena, batzearena, oso beharrezkoa da lan honetan; sortze prozesua, bestela, ariketa zaila da". Aurrera jarraitu dute lanekin, halere, eta, besteak beste, Josune Velez de Mendizabal aktorearekin batera prestatutako Txilin hotsak izan dute taula gainean. "Iraila indartsu etorriko da; espero dezagun erraztasun gehiago izatea gauza gehiago egiteko eta kaleak okuopatzeko".
Kale kantoietan
Gustuko du kaleko antzerkia, eta, agertoki posibleak bilatzen hasita, Alde Zaharrak dituen txokoen artean San Migel elizaren atzealdeko atearen sarrera du gustuko, Hedegile kalean. "Beti pentsatu izan dut ipuin edo antzerki jaialdi bat egiten dugunean txoko hori aukeratuko dudala agertoki moduan; sekulako atetzarra dauka, eskailerak... xarma berezia du toki horrek".
"Auzoko lagunek berreskuratu duten plaza batek magia izugarria dauka"
Monstrenka, Baratza eta Gaztetxea ditu, gainera, sorkuntzarako hirukoa. Ikasten jarraitu, probatu eta ikusteko erreferenteak dira hiru aretoak Gebararentzat. "Jolas pila bat sortzen den lekuak dira, bizitzaz betetakoak, eta oso lasai sentitzen naiz horietan". Halere, gero eta gehiago, plazak dira elkartu eta hitz egiteko espazioak. "Azken urtean faltan bota ditugu, eta berriz ere horiek hartzeko beharra dugula uste dut".
San Migeleko kantoia atzean utzita, Mara-Mara liburu-dendan ere geldialdi bat egiteko proposamena egin du. Batzuetan nahita joaten da nobedade bila, eta beste batzuetan ezinezkoa egiten zaio bertan sartu-irtena ez egitea. "Asko maite dut liburu-denda hau; nire lehenengo ipuin kontaketa hementxe egin nuen", gogoratu du. Ikastaro batzuk egin ostean, jauzia egitea pentsatu zuen. "Sei ume etorri ziren, duela bost bat urte, eta geroztik ipuinetara lotuta geratu naiz". Unibertsitatean ipuin tradizionalen inguruko lan batek ireki zion kontalaritzarako behar zuen leihoa, eta poliki-poliki, Virginia Imaz, Itziar Rekalde edota IÒaki Carretero moduko erreferenteei jarraika osatu du bere kontaera. "Bakarkako lana da hau, batik bat, intuizioari jarraitzen diozu askotan, eta batzuetan zaila da norabide bat jarraitzea". Ordiziko Intujai taldeak antolatutako ahozkotasun jaialdia ere ondo gogoan du norabidea zehazten hasteko garaian.
Araban kontalarien saretxoa osatuz doa, eta laster aurkeztuko dute jendaurrean Arabazan elkartea. "Noizean behin elkartu egiten gara ipuin tradizionalak kontatzeko, zalantzak argitzeko edo bestelakoak komentatzeko". Urria aldera Ipuinaren Eguna antolatuko dute, Garaionen, eta hantxe aurkeztuko dute taldea.
Bisitari amaiera emateko, Eskoriatza Eskibeleko lorategia, San Migeleko kantoia, liburu-denda eta aretoetatik paseoa eman ostean, mokadu batekin itxiko du bira. Santo Domingo kaleko Yaserren otartekoa hartu eta Burulleria plazan eseri da inguruaz gozatzera. "Terraza bat hartzea loteriaren pare dagoenez, har ditzagun plazak, berreskuratu ditzagun".