Paula Huarte, Daniel Garay, Ane Berganza eta Nora Goyalde, Montehermosora

Erredakzioa 2021ko uzt. 26a, 11:55
Rocio Agudoren 'Stay focused', 2020ko deialdian aukeratutako lanetako bat. / ROCIOAGUDO.com

Montehermoso Kulturuneak, EHUrekin elkarlanean, Paula Huarte, Daniel Garay, Ane Berganza eta Nora Goyalde artisten proiektuak erakutsiko ditu aurten Jovellanos aretoan, sorkuntza arloko azken joeren zabalkundea bultzatzeko.

Huarte, Garay, Berganza eta Goyalderen lanak aukeratu ditu Montehermoso Kulturuneak, Gasteizko Udalak eta EHUko Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren alorreko azken joerei zabalkundea emateko sinatutako hitzarmenaren barruan. Deialdiaren helburua da etorkizunean profesional bihurtuko diren artista horiek lanean erabili beharko dituzten espazioak eta tresnak eskura jartzea.

2018an hasitako bideari jarraituz, aukeratutako proiektuak Jovellanos aretoan erakutsiko dira, banaka, 2021. urtean zehar. Aurten, Andrea Estankonak eta Juan Pablo Orduñezek (Mawatres) osatzen duten Lekutan Kultur Elkartea arituko da lau erakusketa horien komisario lanetan. Estankonak eta Orduñezek Tabakaleran antolatutako 2020ko Komisario Berriak ekimena irabazi eta zuzendu zuten, baita Bilbao Art District izenekoa ere, bi urtez.

Horrez gain, 900 euro ordainduko zaio artista bakoitzari aurkezpenagatik, eta banakako katalogoa egingo zaie. Aurtengo edizioan 28 proiektu jaso ziren, eta ondorengo hauek osatutako hautaketa-batzordeak aukeratu ditu lau irabazleak: Lekutan komisarioa, Edurne Gonzalez Arte Ederren Fakultateko kultur zabalpenerako dekanordea, Arantza Lauzirika Arte Ederren Fakultateko dekanoa, eta Luis Maria Pascual Montehermoso Kulturunekoa zuzendaria.

LAN IRABAZLEAK

Kúu

Paula Huarte Cosin

Proposamenak irudiak, pertsonaiak eta objektuak uztartzen ditu, elementu horien bitartez arlo funtzionala, ornamentala eta surrealista elkarrekin bizi diren eremu bat sortzen duelarik. Oso lengoaia eta iruditeria pertsonal batetik jaiotzen den habitata sortzen du, baina erraz ezagutzeko moduko kodeen erabilera bitarte, memoria kolektiboari egiten diote dei.

Eskultura-instalazio horren piezak uztartu eta inguru jakin bat sortzen dute, non surrealismotik gertu dauden istorioak irudikatu, hots, errealitate alternatibo eta arrotz batetik gertuago, errealitate logiko batetik baino. Aurkeztutako piezek eremu ludikoen misterioetara bideratuko gaituzte.

Plantas, un retrato de su voz

Danel Garay Abaroa

Soinu-instalazio bat da, transdukzioaren eta musika ekoizpenaren alorretako goi-mailako teknologia erabiliz, landareek emaniko soinu esperientzia sortzen duena. Izaki bizi diren aldetik, landareen prozesu kimikoetan gorabeherak dituzte, zein frekuentzia gisa erregistratu baitaitezke. Frekuentzia horiek gizakiok entzungarri dugun erregistrora eraman, eta dagokien uhin osziloskopikoan tratatuz gero, soinu erregistroak sortzen dira, soinu arras espresionista eta atmosferikoak.

Ane Aquí Ahora

Ane Berganza Santamaria

Proiektuaren egileak "hemen-orain" dimentsioari buruzko hausnarketa egin du, duela zazpi urteko beste esperientzia bat oinarri hartuta. "Orain" munduan dugun presentziaren boterea eraman eta heda dezakeen puntu bakar gisa ulertzen da. Gertakari edo objektuaren beraren eta horrek uzten duen aztarnaren arteko hutsuneen inguruan hausnartzen du. Konpondu gabeko hutsune horiek hainbat sentsazio sortzen dituztelarik, egileak aurre egiten die proposamen honen bidez.

Puntu bat gehiago

Nora Goyalde Agirre

Proiektu hau sortzen da, batetik, EHUren Increarte masterrean artistari berari piztu zitzaizkion eta landu zituen interesetatik, eta, bestetik, zenbait abesbatzatan izan duen partaidetzatik.

Proposamena marrazki batzuk soinu bihurtzeko ariketatik eta horretarako erabilitako programatik abiatzen da. Egileari programak bere marrazkiak nola irakurtzen zituen interesatu zitzaion. Programa horrek marra horizontalak sortzen zituen, eta horietan zerbaitek talka egiten zuen puntuak bilatzen zituen, hartara topaketa horietatik informazioa lortzeko. Puntua eta marra interesatzen zaizkio ezeren ulermenerako bide gisa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide