Ilustrazio Hiribidean abiatuko da Zabalganeko superetxadien proiektua

Erredakzioa 2021ko uzt. 23a, 09:30

Ilustrazio Hiribidea gaur egun. / GOOGLE EARTH

Zabalgana auzoko superetxadien planaren lehen esku-hartzea Ilustrazio Hiribidean egingo du Gasteizko Udalak. Trafikoa eten eta berdegune zein oinezkoentzako gune berriak jarriko dituzte.

Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren superetxadien planak Zabalgana auzoko hiribide luzeetako batzuk eraldatuko ditu.

Ostegun honetan, gainera, proiektu horretako lehen esku-hartzea aurkeztu du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak. Ilustrazioaren Hiribidean egingo da: trafikorako asfaltoa eten egingo da berdegune berriak eta oinezkoek lehentasuna izango duten guneak sortuz, eta gaur egun dauden oinezko ibilbide naturalei jarraipena emango dieten lotura berriak eginez.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur, ostiralean, onartuko du lan horiek egiteko kontratazio dosierra: lanek 380.630 euroko aurrekontua izango dute, eta lau hilabeteko epea emango da horiek gauzatzeko, kontratua esleitzen denetik hasita. Plan honetan aurreikusitako esku-hartzeak hiriko beste espazio batzuetara eramango dira etorkizunean; Ilustrazioaren Hiribidekoa izango da lehena, eta Zabalganeko bizilagunekin batera esperientzia aztertzeko aukera emango dio Udalari.

Ilustrazio Hiribidearen superetxadia sortzeko jarduketa-eremua. / GASTEIZKO UDALA

 

"Auzoa seguruagoa, erosoagoa eta modernoagoa izango da", azpimarratu du zinegotziak, egitasmoak Zabalgana eta Gasteiz nazioarteko "abangoardian" kokatuko dituela iritzita. Ruiz de Escuderoren ustez, "auzoak modernitatea, oinezkoen lehentasuna, bide segurtasuna, bizikleten mugikortasuna, espazio berdeak eta merkataritza dinamizatzeko aukerak irabaziko ditu bere kaleetan".

Superetxadien eredua

"Superetxadia da, oraindik ere, hiriko etorkizuneko espazio publikoa birdiseinatzeko funtsezko pieza", adierazi du Ruiz de Escuderok. "Hori dela eta, auzoen barrualdea ibilgailuen zirkulaziotik babestea da asmoa. Nola? Abiadura nabarmen murriztuz (orduko 20 eta 10 kilometroko abiadurara), trafikoa etenez eta bestelako esku-hartzeak eginez, oinezkoentzako guneak sortzea, esaterako".

Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea eta egoteko eremu berriak sortzea. Espazio horiei esker, alde batetik, lehendik dauden oinezkoentzako bidezidorrak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez, eta, bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko. Horrela, kale horiek igarobide gisa erabiltzen dituzten ibilgailuen trafikoa desagerraraziko da, abiadura handian baitoaz. "Igarotzeko kaleak izateari utziko diote, eta egoteko kale bihurtuko dira", azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Ilustrazio Hiribideko esku-hartzeak

Ilustrazioaren Hiribidearen kasuan, Nazio Batuen eta Giza Eskubideen hiribideen arteko perimetroaren barruan esku hartuko da. Esparru horretan zehar, bost esku-hartze egingo dira:

1. Ilustrazioaren Hiribidetik Nazio Batuekin Hiribidera sartzea

Puntu horretan, espaloiaren mailan txorko bat jartzea proiektatu da, berdegune txiki bat sortuko duena eta erreiak estutzeko balioko duena. Superetxadien barnealdeko kale guztietarako sarbidea errei batera murriztuko da, parterre txikiak sortuz, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten espazio horietara sartzen direnean.

2) Ilustrazio Hiribidearen eta UNESCOren Ibilbidearen arteko bidegurutzea

Espaloia zabaltzea aurreikusi da, UNESCOren Ibilbideko oinezkoentzako korridoreari jarraitutasuna emateko eta, aldi berean, zirkulazioa nabarmen baretu eta murrizteko, moztu gabe. Egoteko berdegune berri bat ere eratuko da auzoarentzat, eta txirrindularientzako korridoreak. Hasteko, asfaltoa eraldatuko da, altxatu egingo baita berdegune berria eta oinezkoentzako gunearen zoladura egiteko. Bidearen konfigurazio berria dela eta, erreiak errei bakarrera estutuko dira bi galtzadetan, eta abiadura muga bermatuko hartara.

Esku-hartze horrek ez du trafikoa moztea ekarriko, baina inguruetatik bizilagunek, merkatariek eta larrialdietako ibilgailuek bakarrik zirkulatzea da helburua. Horrez gain, erdibitzailean irekidura bat jarriko da ibilgailuek noranzkoa aldatzerik izan dezaten.

 

3) Ilustrazioaren Hiribidearen eta Ehari ibaiaren bidezidorraren arteko bidegurutzea

Kaleko puntu horretan egingo da eraldaketa garrantzitsuena; izan ere, oinezkoentzako gune berde berri bat sortuko da, eta horrek motordun ibilgailuei trafikoa etetea ekarriko du. Horretarako, zoladura guztia altxatu beharko da.

Eremuaren konfigurazio berriak berekin ekarriko du joan-etorriko bideak sortzea oinezkoentzako espazioaren mutur bakoitzean, eta horrek biraraztera behartuko ditu autoak, jarraitzea eragotziko duten elementu fisikoekin. Oinezkoentzako gunean aurreikusitako berdegunea izango da gune horretako protagonista nagusia; alde bakoitzean irekidura bat izango du noranzkoa aldatu ahal izateko, baina abiadura oso mugatuan. Txirrindularientzako korridoreak ere egokituko dira.

 

4) Ilustrazioaren hiribidearen eta Gurutze Gorriaren pasealekuaren arteko bidegurutzea

­Gune horretan, jarraipena eman nahi zaio Gurutze Gorriaren ibilbideko oinezkoentzako korridoreari. Horretarako, oinezkoentzako zoladura handituko da, noranzko bakoitzeko zirkulazio-erreiak bakarrera estutuko dira, eta abiadura nabarmen mugatuko da. Jarduera horrek ez du esan nahi trafikoa etengo denik, baina hemen ere bizilagunek, merkatariek eta larrialdietako ibilgailuek bakarrik erabiltzea da helburua. Beste kasu batzuetan bezala, egoteko eta aisialdirako berdegune bat sortuko da amaitzeko.

 

5) Giza Eskubideen hiribidetik Ilustrazioaren hiribidera sartzea

Kalearen sarreran bezala, txorko bat proiektatu da espaloiaren mailan, berdegune txiki bat sortzeko. Horrek erreia estutuko du, eta superetxadian sartzeko ate efektua sortuko du.

 

Beste esku-hartzeak

Bestalde, zurezko pergolen, piknik mahaien, jolas naturalizatuen eta landare igokarien eremuak sortu nahi ditu Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Izan ere, inguruan aisialdirako eta gozamenerako elementuak jartzea proposatu zien auzokoei. Hala, Gurutze Gorriaren Ibilbidean zurezko pergolez hornitutako bi gune egongo dira, eta horien barruan piknik mahaiak jarriko.

Gune horiek berdegunez inguratuko dira, eta horiekin batera gereziondo basatiak, landare igokariak eta abar jarriko dira, parterre txikietan. Pergola horietatik gertu putzu txikiak ere sortuko dira, narrastien babesleku izango direnak, biodibertsitatea sustatzeko asmoz. Udalak harriz eta enborrez osatutako jolas naturalizatuak ere jarriko ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide