Zabalgana auzoa eraldatuko du superetxadien proiektuak

Erredakzioa 2021ko ots. 25a, 19:26
Mediterraneoaren hiribidearen itxura superetxadien proiektua gauzatu ostean. / UDALA

Gasteizko Udalak aurkeztu berri duen superetxadien proiektuak trafikoaren igarobidea eten eta berdeguneak jarriko ditu Zabalgana auzoko sei hiribidetan, oinezkoei lehentasuna emateko. Aurten bi milioi euro inbertitzeko asmoa du udal gobernuak.

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, Zabalgana auzoa eraberrituko du, superetxadietan oinarritutako planarekin. Ostegun honetan, Gorka Urtaran alkateak eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok proposamena aurkeztu diete Zabalganeko auzokideei, gizarte etxean egin den auzogunean.

Alkateak iragarri duenez, 2021ean udal gobernuak bi milioi euro inbertituko ditu eta espazio publikoan hamar bat esku-hartze egingo ditu, orain autoentzako zoladura dagoen lekuetan berdegune berriak sortu ahal izateko. Herritarrak egoteko eta elkartzeko aukera emango dute espazio horiek, eta Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko balioko dute, oinezkoentzako pasealekuei lehentasuna emanez.

"Superetxadia Gasteizen apustua da nazioarte mailan abangoardian jartzeko. Urteak daramatzagu eredu hori lantzen, eta beste bultzada bat emateko unea iritsi da", adierazi du alkateak.

Udalaren asmoa da Zabalganean hiri-diseinu berritzailea baliatzea, oinezkoen zein bizikletazko joan-etorriak sustatuz, kaleak bizigarriago eginez eta bide-segurtasuna indartuz, ibilgailu pribatuentzat zen espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz, berdegune berriak egokituz eta inguruneko merkataritza dinamizatuz, Gorka Urtaranek azaldu duenez.

 

Trafikoa murriztea

Auzoen barrualdea ibilgailuen trafikotik babestea da helburu nagusia. Horretarako, abiadura nabarmen murriztuko da, orduko 20 eta 10 kilometrora; trafikoa etengo da eta kaleak oinezkoentzat utziko dira.

Orain Zabalganerako proposatu den esku-hartze eredua harago doa, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean jasotako hiriko bideen sarearen babesa hartu baita abiapuntutzat. Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea.

Berdegune berriak

Hori dela eta, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan berdegune berriak sortzea proposatzen da. "Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura eraldatuko dugu, pertsonei emateko", azaldu du alkateak. Espazio horiei esker, batetik, oraingo oinezkoentzako bideak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez; bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko dira, eta, hartara, auzotik abiadura handiz igarotzen den trafikoa desagerraraziko da.

"Igarotzeko kaleak izateari utzi eta egoteko kaleak bihurtuko dira", azpimarratu du alkateak.

Aurreikusitako esku-hartzeen bidez, asfaltoaren ordez parke txikiak egokituko dira. Horretarako, herritarren iritzia ezagutu nahi du Udalak, auzoak eskatzen dituen proiektuak garatze aldera: piknikerako guneak, xakean aritzeko mahaiak, haurrentzako jolasak, mahai-tenisa...

Mediterraneoaren hiribidean, Gurutze Gorriaren ibilbideko parketik datorren ibilbide naturala jarraitu nahi da. Ilustrazioaren hiribidearen kasuan, bi lotune berde sortzea aurreikusi da. Bestetik, auzoko garaje komunitarioetarako sarbidea une oro bermatuko da.

Mediterraneoaren hiribidea superetxadien proiektua gauzatu ostean. / UDALA

 

Hamar esku-hartze

Ilustrazioaren hiribidean eta Mediterraneoaren hiribidean egin nahi diren esku-hartzeez gain, Udalak beste hamar gune identifikatu ditu: Labastida, Salvador Dali, Iruña Veleiako hiru eremu...

Gainera, proposamenetako bat da superetxadien barruko kaleetan sarbidea errei batera murriztea, parterre txikiak jarriz. "Neurri horiek dagoeneko probatu dira hiriko beste leku batzuetan, eta baliagarriak dira inguru horietara sartzean ibilgailuek abiadura moteldu dezaten", azaldu du alkateak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide